Euskal kultura/Euskarazko kultura

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mar. 17a, 10:38

Aste honetan bertan “Euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dute euskal kultura kontsumitzen” titularra zuen erreportajea argitaratu du Berria egunkariak. Azpitituluan honela dio: “euskaldun gehienek ez dute euskarazko produktuetara jotzen”. Eta pentsatzen jarri naiz: euskal kultura euskarazko produktuek bakarrik osatzen al dute?

Hau da, euskal kultura eta euskarazko kultura sinonimoak al dira? Egileak euskaldunak edo Euskal Herrikoak izanda, eta beraien kultur jarduera beste hizkuntza batean egiten badute, hori ez al da euskal kultura? Euskaltzale askok duten ideia hori ez al da erredukzionista? Ez al du mugatzen Euskal Herriko kultur aberastasuna?

Euskal kultura kontsumitzen dudala esango nuke. Musika arloan, behintzat. Aste honetan bertan Belakoren azken diskoa erosi dut, Render me numb, trivial violence. Mungiako taldea lau neska-mutilek osatzen dute, laurak euskaldunak, eta beraien kantak gehiengo handi batean ingelesez egiten dituzte (azken disko honetan abesti bat dago euskaraz). Belako ez al da euskal kultura? Pasa den asteburuan Azpeitian jo zuen Atom Rhumba: abeslaria eta liderra Barakaldokoa, gitarrajolea Berakoa, baxu jolea Ondarroakoa eta bateria jolea Donostiakoa. Ingeleserako joera du taldeak, azken diskoan gazteleraz konposatutako kanta batzuk sartu ditu, eta azken aurrekoan euskarazko bat ere bazegoen. Zer da talde hau? Delorean zarauztarrek hein handi batean ingelesez kantatu dute eta orain Mikel Laboaren lanetan oinarritutako diskoa atera dute. Hau ere ez da euskal kultura? Edo Laboaren ingurukoa da euskal kultura eta aurrekoak ez? Eta Grises eta Rural Zombies zestoarrak? Lehenek gazteleraz abesten dute, bigarrenek ingelesez. Horiek ere ez? Audience eta Izaro, gernikarrak lehenak, Mallabiakoa bigarrena; biek ala biek hiru hizkuntzatan abestutako kantak dituzte azken diskoetan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Hauek euskal kultura bezala kataloga al ditzakegu? Iparraldean, Ziburun, The Lookers hirukotea dago. Ingelesez egiten dute hauek ere. Eta historian atzera eginda, Rock Radikal Vasco edo Euskal Rock Radikalarekin topo egiten dugu. Euskal rock horretan gazteleraz abesten zuten makina bat talde zeuden: Aguraingo La Polla Records, Irunen Vomito eta hasiera batean gehienbat gazteleraz abesten zuen Kortatu; Arrasateko RIP, Gasteizko Cicatriz eta Potato, Iruñeako Barricada eta Tijuana in Blue... Zerrenda luzea da. Euskal kultura euskarazkoa soilik denaren irizpidea jarraituta, hauek denak kanpoan geratuko lirateke.

Galdera batekin amaitu nahi dut. Azken Goya sarietan Handiak hamar Goya sari irabazi zituenean, euskal zinemagintzaren, euskal kulturaren arrakasta bezala ikusi zuten askok. Garañok, Goenagak eta Arregik Andaluzian fimatuko dute hurrengo pelikula. Filma gaztelaniaz dela ikustean, euskal zinemazaleek, euskarazko zinemazaleek, pelikula hori euskal kultura bezala ikusiko ote dute?