Haserrea edo postureoa?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko ots. 25a, 15:05

Haserre bizi gara, oso haserre, eta ia denak mintzen gaitu. Sare sozialak erabiltzen ditugu gure kabreoak partekatzeko. Baina, horretan geratu behar al dugu? Hori al da dena?

Sare sozialak gizartearen isla omen dira. Hala balira, sareetan dauden haserreak, iskanbilak eta irainak ikusita, kaleak bataila-eremu izango lirateke. Isla hori egiazkoa balitz, bata bestearekin muturrekoka egongo ginateke. Zorionez, kasu gutxi batzuetan izan ezik, ez da halakorik gertatu.

Denak iraintzen gaitu, edozerrek berotzen gaitu, eta mugikorra, tableta edo ordenagailua eskura baditugu, berehala jarriko gara gure mina, gure haserrea edota gure egonezina mezuen edo txioen bidez partekatzen. Aste honetan bertan Mallorcako rapero batek hiru urte eta erdiko espetxe zigorra jaso du, besteak beste, Borboiak lapurrak direla esateagatik (inork zalantzan jarri al dezake hala direla?). Epaile batek Nacho Carreteroren ‘Fariña’ liburua bahitu duelako, edota Arco ferian preso politikoen inguruko artelan bat kendu dutelako, adierazpen askatasunaren aldarria eginaz, txioak bata bestearen atzetik botatzen jarri gara, “ZENTSURA!” hitza oihukatzen dugun bitartean. Han hasi da lasterketa ea nork idatziko duen mezu haserratuena.

Eta segi eta segi horrela. Sareetako haserrea gorantz doa eta mindutakoen mezu jarioak gora egingo du, gobernuetan dauden ustelkeriaz blaitutako ezgai horiek errepresioa areagotu dutelako eta bizi kalitatea kaskartzen ari delako. Eta han segituko dugu sututako mezuak bidaltzen. Zertarako?, galdetzen dut. Pentsiodunak kalera atera diren honetan, besteok sofan botata jarraitu behar al dugu sumina sareetan partekatzen? Erakusleiho horretan haserrea azaltzeaz gain, zer gehiago egiteko prest dago jendea? Edo dena postureo hutsa da? Ez dut esango neguko jauregiari su eman behar zaionik, baina, gertatuko balitz ez nuke pena handirik hartuko. Irudi ederra izango litzateke sareetan partekatzeko.