Ez dizuet inoiz barkatuko, inoiz ez

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abe. 28a, 10:00

Ez ditut udal batzarrak gogoko. Ez dut esango gorroto ditudanik, ez da hainbesteraino heltzen nire mania. Baina, nahiago beste nonbaiten egon (mezan edo dentistanean izan ezik) udal pleno batean baino.

Gremio honetan lanean hasi nintzenean ez nintzen plenoetara joaten. ‘Nahiago tximu bihurtu’, zioen nire ni pasota-anarkoideak. Gero, jakin nuen konpetentziako egunkariko kazetaria plenoetara joaten hasi zela eta haien inguruko artikuluak ateratzen zituela. Ez dut uste garai hartan nire jefeak zirenak konturatu ere egingo zirenik. Ez dut uste idazten nuen ia ezer irakurtzen zutenik, flyscha gai zuten erreportajeak izan ezik. Eta haiek argazkiengatik irakurriko zituzten. Baina, kontzientziako harra ate joka hasi zen eta batzarretara joaten hasi nintzen. Zerbait ona atera nuen, kazetari hura gremio honetan aurkitu dudan lagun onenetakoa baita.

Batzarrak jasangaitzak izatetik hurbil daude. Hori hala da. Kontuz: Orain daude hurbil, lehen zuzenean jasanezinak ziren, gehienbat elkar ikusi ezin zuten zinegotziak, bozeramaileak edo dena delakoak, elkarri masaileko dialektikoak botatzen hasten baziren, edo plenora eramandako lau-bost-sei-zazpi mozioak banan-bana eta oso-osorik irakurtzen hasten baziren. Orduak egoten ginen pleno aretoko aulki deserosoetan, eserita hasieran, botata jarraian eta buruz behera bukaeran, ordurako inor gutxiri inporta zitzaion emaitzaren zain.    

Garai haiek, zorionez, iraganean geratu dira eta plenoak orain laburragoak dira. Hori izango da alde on bakarra, bestela, aurrekoak bezain aspergarriak izaten jarraitzen dute. Gurean ez dago inprimagailua edo eskuburdinak aterako dituen Rufianik. Eta Diputatuen Kongresuan taberna badute, gurean kafe makina ere ez dago. Ez guretzat, behintzat.

Baleiken egindako lan banaketa dela medio, niri tokatu zait ia pleno denetara joatea. Gehienetara ia pentsatu gabe joaten naiz, beste ekitaldi askotara joaten naizen bezalaxe. Baina, badaude potroak ederki ukitzen dizkidaten uneak ere. Eta hau da horietako bat.

2018ko udal aurrekontuak aztertzeko plenoa dugu gaur, ostegunean, arratsaldeko 6tan. Abenduaren 28a da, Inuzente Eguna. Baina ez da hau inozentada bat. Orain aste batzuk udal ordezkari batekin hizketan, hark esan zidan aurten Gabonetako aste horretatik aterako zutela aurrekontuen plenoa, eta hau sinatzen duena poztu zen. Kontzertuz eta ekitaldiz jositako garaia da hau eta hemengo honek fitxatuta zuen bat: Maria Arnal i Marcel Bagés bikote kataluniarrak Donostian emango zuen kontzertua, noiz eta abenduaren 28an. Ostegun bat izanda, gaueko autobus zerbitzu publikorik ez zen izango (Denis!!!), baina lo egiteko lekua ere aurkitu nuen lagun baten sofan. Baina, gauzak nola diren, eta pentsa zenbat egun dauden urtean zehar, udal ordezkariek egun hori, ostegun hori, aukeratu zuten aurrekontuen plenoa jartzeko. Biba! Eta Cayetana Alvarez de Toledo peperak Madrilgo alkate Manuela Carmenari bidali zion txioa gogoratu nuen:

Zorionez, eta gaizki pentsatzeko ohitura dudalako, ez neukan sarrera erosita. Atzo jakin nuen, gainera, sarrerak agortuta daudela. Beraz, Artadiko saneamenduaren inguruan hizketan arituko diren garaian ez dut tentaziorik izango dena porsakotara bidali, autobusa hartu eta alde egiteko. Urte berri on.