Gorria ala herdoildua

Erabiltzailearen aurpegia

Beti zalantzak izan ditut: Urola ibaia zeharkatzen duten bi zubietatik zein da Zubi berria eta zein Zubiaundia? Bata bestea baino berriagoa da, hori hala da, baina baita handiagoa ere. Zubiberria, Zubiaundia, berria, aundia... 

Halakoetan, beste askotan bezala, Imanol Azkuek idatzitako Zumaia, izena eta izana liburura jotzen dut kontuak argitzeko. Gauza batzuetarako dudan memoria eskasa medio, bost minuturako ahaztu eta berriro hor izaten dut duda buruan: zein da Zubi berria eta zein Zubiaundia? Zalantzak uxatzeko, eta arrebak hala deitzen diolako, zubi gorria deitu izan diot batzuetan oinezkoenari, orain urte dezente gorri/granate kolorearekin margotu zutelako.

Aspaldi inguru horretatik pasa gabe, herenegun Floresko ontziralekuko argazkiak ateratzera joatean ohartu nintzen zubia benetan egoera kaskarrean dagoela. Pintura gorriaren lekua herdoilak hartu du toki askotan. Zeinek daki, utzikeria horrekin agian Ruper Ordorikaren Herdoilarena abestia gogora ekarri nahi izan da edo, akaso, 20 urte bete dituen Guggenheim museoan dauden Richard Serraren burdinazko obrek duten herdoilari omenaldia eginez, zubia herdoiltzen utziko da. Hala, zentimorik ordaindu gabe, artelan galanta izango genuke herri sarreran.