Teknologia eta ni

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko urr. 5a, 13:00
Irudia: Robert Crumb

Teknologiaren aroan gauden honetan, Neanderthal bat bezala ikusten dut nire burua. Ez teknologiaren aurka nagoelako, ez horixe, baina gauza batzuetarako nahiago analogikoa digitala baino.

Liburu elektronikoa badut, baina ez dut erabiltzen: nahiago dut papera. Ez dut ez Ipad, ez Ipod, ez Iped edo halakorik. MP3ak entzuteko aparatua izan nuen, baina hura ere izorratu zitzaidan. Ez dut BluRayrik, aurreko DVDarekin nahikoa dut. Tabletik ez dut, ez dut eta ezertarako behar. Hainbat ordenagailu izan ditut denboran zehar, bai PCak, baita Macak ere eta orain Mac bat dut mahai gainean. Tokadiskoa dut, CDak entzuteko aparatua eta anplifikatzailea. Diskoak biniloan erosten ditut eta urteak dira ez dudala musikarik jaisten. Mugikorrak ere makina bat izan ditut, antena zuten haietatik hasi eta oraingo hauetara.

Zer da orduan gertatzen zaidana? Ba, aparatu bat bera ere ez zaidala ona atera.

Gurasoek etxera ekarri ziguten lehen tokadiskoa dut gogoan. Kasetea eta irratia ere bazituen aparatuak. Kaseteak mastikatu egiten zituen traste hark. Zinta ez zen irristatzen buruetatik; zizko eginda ateratzen zen eta horrela ez zegoen kasete bat baldintzetan entzuteko aukerarik. Binilozko diskoak entzuterakoan zerbait arraroa sumatu eta behin, kronometroa eskutan, ematen zituen birak kontatzen jarri nintzen: minutuko 33 buelta ez, 36 ematen zituen. Hala, normala diskoak laburragoak izatea.

Orain aparte ditut tokadiskoa eta CDen irakurtzailea (Hipsterrek nahi dutena esango dute, baina kasetea ez da etxera itzuliko). Lehenak ez dit oraingoz arazorik eman, baina bigarrenak... Disko batzuk onartzen ditu eta besteak ez. Batzuetatik musika ateratzen da, besteetatik zalaparta jasanezina, diskoa birrintzen ariko balitz bezala. Baditut CD batzuk oraindik entzun ezin izan ditudanak aparatu alu honek onartzen ez dituelako. Bai, bai, egunen batean berria erosiko dut, baina, ya me jode.

Ordenagailuetan azken Mac txatxiguay honek bezainbat buruhauste ez dit beste inork eman. Bi urte eta erdi izango da erosi nuela eta urte hasiera honetan barrena erabat berritu behar izan zioten, egun batetik bestera martxan jartzeko gogorik izan ez zuelako. Orain bizpahiru aste teklatua zoratu zen. Teknikoekin harremanetan jarrita, han non esaten didaten teklatu modelo hau (hiru bat urte izango dituena) dagoeneko katalogoz kanpo dagoela eta berria nahi badut sistema osoa aldatu beharko dudala (klin, klin, klin, dolarraren hotsa). Porsako, Mac zahar baten teklatu zaharkituarekin nabil hau idazten eta txikitu bitartean honekin jarraituko dut.

Ai, eta mugikorren mundu zoragarria. Telefono dei bat erantzun behar, belarrira eraman eta deia mozten zuen hura, kalanbreak ematen zizkidan bestea edo bakar-bakarrik itzaltzen zen hura (hirutan eraman nuen konpontzera, eta alperrik). Azkenengo makina zoragarri honek urtebete ere ez du eta jada harrika botatzeko gogoak daukat. Ez du bateria kargatzen, ze, gixajoak, hezetasuna sumatzen du gailuan. Ze hezetasun, mahai gainean ordenagailu ondoan badago! Eta horrela hiru egun, behin eta berriro hezetasuna sumatzen duela eta ez duela bateria kargatuko. Paco Martinez Soria bezala, erre que erre: hezetasuna dago eta ez dut bateria kargatuko.

Agian teknologia ez, agian ni naiz arazoa. Seguru leize zuloetako hormetan animalien margoak egiten zituzten garaian niri brotxa edo erabiltzen zuten gailua lehortu edo puskatuko zitzaidala. Auskalo.