Nor dabil nire ordenagailuan?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abu. 27a, 11:18

Eguneroko errutinarekin hasi dut eguna: komunera joan, mugikorrean mezurik dagoen begiratu, ogi bila joan, kafea prestatu, ordenagailu aurrean jarri eta prentsa digitala irakurtzen hasi. Eta han non agertu zaiten iragarki alu hau.

Badakit nola funtzionatzen duten Interneteko iragarkiek: nonbaiten zerbait bilatu baduzu (bidaia bat, disko bat, liburu bat, etab.), sareko hurrengo saioetan behin eta berriro gogoratuko dizu. Baietz Fnac, baietz, egunen batean Rocio Marquezen disko hori eskatuko dudala! Bai, Vueling, nik ere Londresera joan nahi dut, baina orain ezin dut, lanean nago! Ebay, ostras, R.E.M.-en reedizio hori nahiko nuke, baina ez nago dirutza hori ordaintzeko prest!

Eta eguneko albisteak irakurtzen edo, hobe esanda, zerbait interesgarria bilatu nahian nenbilela, hor, txoko batean ikusi dut. Txikian, ertz batean, beste liburu batzuekin batera, faldoi antzerako batean: Albert Riveraren Juntos podemos. Alboan William Faulknerren Santuario  eta Ricardo de la Ciervaren Historia total de España daude, besteak beste.

Pentsatzen jarri naiz: tiparrako horrek, Riverak, halako nazka ematen badit, ze, benetan, jasangaitza egiten zait (Marianok, behintzat, grazia egiten dit bere esaldi horiekin), eta publizitate mota honek aurrez egindako bilaketen arabera funtzionatzen badu, nola demontre agertu zait bere liburu/karetoa? De la Cierva hori ez dakit zein den eta izango dira 20 urte Faulknerren liburu bat ez dudala irakurri. Baina hori berdin zait; kuñadisimoaren liburu baten eskaintza agertzeak jarri du nire alde konspiranoikoa martxan.

Ez dut irakurtzen Rivera edo bere alderdia agertzen den albisterik (esan al dut ezin dudala jasan?) eta telebistako ‘debate’ politiko horietako batean agertzen bada katez aldatu edo, zuzenean, telebista itzaltzen dut. Orduan, nola gomendatu dit Internetek bere liburu bat? Akaso beste norbait sartu da sarean ordenagailu honetatik eta Riveraren fan club batean apuntatu da? Edo, agian, sonanbulua naiz eta lo nagoela goreneko politikaren bere aportazioak irakurri/ikusi/entzun ditut?

Ez dakit, baina, badaezpada ere, banoa Internetetik ateratzera. Bestela, batek daki, hurrengo saioan Susana Diaz, Rosa Diez, Jose Bono, Gloria Vazquez txispeantea edo beste pertsonalitate ospetsu horietako bat agertuko zait bere liburu bat gomendatzen.