Gozamena Amaiako plazan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abu. 20a, 15:21

Kexatzeko orduan lehen postuen artean egongo gara. Edo ez, nork daki. Baina kexatu, kexatzen gara. Hau sinatzen duena lehena. Eta, sarritan, kexatzeko nahikoa arrazoi izaten bada ere, bada ordua esker ona erakustekoa ere. Eta oraingo honetan, esker on hori Dardarako kideei luzatu nahi diet.

A zer gozamena atzoko Dardara Fest! Askotan,  musikazaleok beste herrietan egiten diren kontzertu edo jaialdietara joan behar izaten dugu gure bizioak asetzera. Beraz, etxean bertan rock jaialdi bat izatea luxua da. Eta rocka diodanean bere esparru zabalenean diot, atzoko kontzertuetan ikusi ahal izan zen bezala. Trapetik punk rockera, indietik country rockera.

Ezagutzen ez nituen taldeen musika entzuteko aukera ezin hobea ere eskaini dit aurtengo jaialdiak. Amaiako plazan jo zuten sei taldeetatik bakarra nuen ikusita, etxekoak, Marlik, Itzurun tabernan emandako kontzertuan. Besteak ez nituen entzunda ere (barkaezina Señor Noren kasuan, 20 urtetik gorako ibilbidea duen taldea izanda).

Nizuri Tazuneriren errimek eman zioten hasiera arratsaldeari. Ivan aritu zitzaidan esplikatzen zer desberdintasun dagoen rap eta traparen artean. Espero dut ulertuko nuela. Marliken rock klasikoaren ondoren (zuen diskoaren zain geratzen naiz), Cecilia Payne bizkaitarren txanda heldu zen. Hasteko, hiru emakume oholtza gainean. Bazen ordua. Ea rock mundua ere feminizatzen den. Gero, musika: hogei urte atzera egin nuen, indie musika estilo hori behin eta berriro entzuten nuen garaira. Hau idazteko situazioan jarri nahian, disko bildumako 1990eko hamarkadako altxorrei begira jarri naiz. Zer jarriko dut? Sonic Youth edo Dinosaur jr.? Pavement akaso? Azkenean The Feeliesen disko zahar bat jarri dut tokadiskoan.

Eta afaltzeko (edo garagardo gehiago edateko) atsedenaldiaren ondoren, azken txanpa. Sermondsen rock gogorra, The Riff Truckers gernikarren country ukituko rocka (Han jaitsi zen abeslaria jendartera fede berrira bihurtutakoak Jack Danielsen botilarekin bataiatzera) eta, amaitzeko, Señor Noren lekzioa.

Ba horixe, Dardara kolektibokoei zorionak eta hemengo honen esker onak. Hori bai, luze egingo da hurrengo Festerako urtebeteko tartea. Bitartean, Sex Museumeko Fernando Pardok dioen bezala, garitoetan ikusiko gara.