Gaztea, noiz arte?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 14a, 09:12
Argazkiko tipo hori... Google-en 'seƱor' sartu dut eta azaldu den lehena da. Beraz, barrura.

Baleiken zozkatu ditugun Jon Maiaren liburuak ematera atera nintzen atzo kalera. Saridunetako batek Erribera kaleko denda batean uzteko eskatu zidan, eta halaxe egin nuen. 

Bezero batzuk nire aurretik zeuden eta zain nengoen. Dendan ume txiki bat ere bazegoen, batetik bestera bueltaka. Une batean bere aitak esan zion “XXX [umearen izena errespetatzearren idazten dut horrela... beno, baita ere ahaztu dudalako bere izena], utziozu gizonari pasatzen”. Segundo erdi batez oraindik harridura sortarazi zidan: “gizona zein? ni?”. Baina, bai, gizona. Hori naiz ni. Ezin segi mutila esaten, nahiz eta gizarte honek gazte kontsideratze hori gero eta gehiago zabaltzen duen.

Lehen bai, lehen harritu/moskeatu egiten nintzen esaldi hori entzuten nuenean. “Alejandro, deja pasar al señor”, esan zion behin Donostiako andre batek bere semeari. “Señor? Zeingatik ari ote da?”, eta atzera begira jarri nintzen ea beste norbait, “señor” hori, atzean ote nuen. Gero konturatu nintzen nigatik ari zela. Ni, nire 30 urterekin, galtza bakeroekin, kamiseta beltzarekin eta orraztu gabe ileekin, “señor”? Aizu, bale eh! Eta adinean aurrera joan gara, eta nahiz eta galtza bakeroak, kamiseta beltzak eta orraztu gabeko ileak hor segitzen duten (ile zuri gehiagorekin, hori bai), “señor” hori alboan jarri zait, baita gorputzean sartu ere. 45 urte ditut, 46 egiteko eta, bai, adin honekin dagoeneko “señor” bat kontsidera naiteke. Ez daukat arazorik.

Hortik doa Kursaalen ikusi nuen Joaquin Reyes eta Ernesto Sevillaren Viejovenes ikuskizuna. Amaierako bakarrizketan, Sevillak, ikuskizunaren izenak duen esanahia azaltzen du: “Viejovenes gara, adin tarte batean gaudelako, non zaharrak (“Viejos”) garen, baina baita gazteak (“Jovenes”) ere. Kaka zaharra! Zaharrak gara! Urdaiazpikoari buelta eman diogu eta alde txarra tokatzen da orain!”. Eta malko artean pentsatu nuen arrazoi guztia zuela. Ordura arte beti txiste txar bera botatzen nuen: “Espainiako erregea bere 49-50 urterekin un-joven-debidamente-preparado bada, ni gaztea naiz!”. Ba ez, edad media delakoan aspaldi sartuta nago, “señor” hori naiz.

Orain aste batzuk Gipuzkoako egunkari salduenean Seychelle irletan hildako arrantzale bermeotar baten gertakaria agertzen zen. Lehen parrafoan Bermeoko “gazte” bat (“joven”) hil zela zioen eta ondoren adina jartzen zuen: 46 urte. Ni baino urtebete zaharragoa. Eta hor hasi nintzen pentsatzen: noiz bukatzen da gazte izatea? Gure arbasoak 46 urterekin aitonak ere baziren eta orain adin horrekin gazteak gara? Gaztetasuna bilatze horretan, gaztarotik Hogarreko bazkide izatera pauso bakarrean pasako gara.