Zein ote zen konkordun hori zubi bat merezi izateko?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 6a, 22:25

Ez diot inoiz toponimiari arreta berezirik egin. Badakit, bai, lekuek, tokiek, bere izena dutela eta zerbait idatzi behar dudanean izen horiek errespetatzen ditut. Ez wasapeko mezu batean edo lagun edo familiarteko bati bidalitako mail batean; bai, ordea, nonbait argitaratuko den leku baterako idazten dudanean. 

Imanol Azkuek idatzitako Zumaia, izena eta izana liburua bereziki baliagarria izan zait. Zubiaundia edo Zubi berria zein den zalantzak ditudanean, han begiratzen dut. Gero, izen eder askoak aurkitu izan ditut liburu horretan, nahiz eta ideiarik ez izan non dauden: Malparaje, Pagamutegiko erreka, Soburuzgoikoa, etab.

Batzuetan liburuetan agertzen ez diren izenak erabiltzen ditut. Adibidez, askok, gazteak zaretelako, ez duzue jakingo orain ditxosozko horma koloretsu/marroia dagoen tokian, Erribera kalean, lehen komun publikoak zeudela, Urinarios letreroa gainean zuena. Hortik, batzuk, edo agian nik bakarrik, izen horrekin ezagutzen dugu/dut leku hori: Urinarios.

Surflariak lehenbizi, eta ondoren Gipuzkoako egunkari salduena, leku batzuei izen... nola esan, ‘popularrak’ erabiltzen hasi zirenean, horrek bai, horrek barrenak mugitu zizkidan. Ados, ados, ez haserretu, olatuei jarri zenizkieten izen horiek, ez lekuari: Roca puta eta Playa gris, Izustarriri eta Planeriari. Baina, onartu beharko duzue, irudimena erabiltzea bazenutela izen zertxobait poetikoagoak jartzeko (orain aste gutxi Aldundiko teknikari batzuekin hitz egin nuen kostako errepidearen inguruan. Batek esan zuenean lanak “a la altura de Playa gris” egingo zirela, erantzutekotan egon nintzen, baina... zertarako, alperrik bada).

Nik dakidala izen ofizialik ez duen beste estruktura edo puntu bat Txomin Agirre kaia eta Moilaberri lotzen dituen Narrondoren gaineko zubia da. Batzuek zubi borobila izenarekin ezagutzen dute, besteek zubi jorobatua bezala. Bale, ondo da, ez naiz zorrotzegia jarriko, nik ere batzuetan borobilaren hori erabili dudalako (jorobatua inoiz ere ez). Baina, zubiak portua eta Moilaberri lotzen baditu, erabil dezagun Moilaberriko zubia, idatzizkoan bada ere. Ez da hain zaila.

Eta zertara datorren hau? Ba beno, udal aldizkariaren azken zenbakia hartu dut (txibatazoa jaso ondoren, zertarako gezurretan ibili), eta 11. orrialdean, aparkalekuen sistemaren berri ematen duen atalean, han non aurkitu dudan altxor hau: euskaraz Moilaberriko zubia (ondo!) eta gazteleraz puente del jorobado. Toma ya! Ez konkordun zubia, ez: konkordunaren zubia. Eta, gaiztakeriarekin, niri buruari galdezka hasi naiz ea zein zen konkordun hori, jorobatu hori, zubi bat merezi ahal izateko. Ez, serio jarrita, euskaraz Moilaberriko zubia bada, eta hala idatzi bada, hain zaila al zen gazteleraz puente de Moilaberri jartzea. Ez, ezta? Ba horixe.