'Haizearen orrazia'-ren zirriborroak Zumaian gauzatu zituen Chillidak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko api. 10a, 19:48

Hainbat hilabetetan lanengatik itxita egon ondoren, zabalik dago berriro ere Haizearen orrazia, zalantza handirik gabe, Eduardo Chillidaren lan ezagunena. Baina, ziur aski askok jakingo ez dutena da Chillidak obra horren lehen zirriborroa Zumaian egin zuela. 

1976. urtean amaitu zuen obra eskultoreak eta Donostiara betirako lotuta geratuko zen artelana sortu zuen. Aurretik, baina, zalantza ugari izan zituen eskultoreak: Ez zekien, ziur, ingurunearekin ondo txertatuta geratuko ziren burdinezko pieza haiek; naturarekin behar bezala uztartuko ote ziren galdetzen zion bere buruari behin eta berriro. Nicolas Berriondoaren El genio cabalga sobre el viento (Ediciones Donostiarras, 1977) liburuak jasotzen du prozesu hau guztia. 

Chillidak kokalekuan bertan egin nahi zituen probak, baina, zenbait arazo medio, Donostiako orduko agintariek ez zioten baimenik eman. Lan horiek inguruneko orekan izango zuten eraginaren beldur ziren. Obra berak Donostiako badiak duen simetrian zer eragin izango zuen jakin nahi zuten aurretik. Horren jakitun, Chillida beste leku baten bila hasi zen eta, mendebaldera eginda, Gipuzkoako beste herri batean aurkitu zuen zirriborro hauek praktikan jartzeko kokalekua: Zumaian, Inpernupeko kalan, hain zuzen ere.

Zumaiako agintariek ez zuten guztiz ulertu Chillidaren asmoak zein ziren, baina, hala ere, baimena eman zioten. 1974ko maiatzaren 17an hasi zituen lanak, Zumaiako artxiboko dokumentu batean jasotzen denez. Kamioi batean eraman zituzten Victorio Luzuriaga fundizioan prestatutako burdinezko piezak Inpernupera eta garabi baten laguntzarekin joan zen kokalekuetan jartzen. Prozesu horren argazki bakarra gordetzen da Udal Fototekan, artikulu hau laguntzen duena, hain zuzen ere.

Lanak 1974ko abuztuaren 16an bukatu zituen. Donostiako alkatea eta CATeko (Centro de Atraccion y Turismo) buruak Zumaiara etorri ziren obra nola geratu zen ikustera. Francisco Lasa zen orduko Donostiako alkatea eta obra ikustean txundituta geratu zen. Egunean bertan eman zion Chillidari baimena Haizearen orrazia  Ondarretaren amaierako kokagunean eraikitzeko. Zumaian egindako lanak, berriz, eraman egin zituen eta gaur egun Chillida Leku espazioan gordetzen dira. Gaur egun, Inpernupen, ez da lan haien arrastorik geratzen.

Hau dena, noski, asmakizun bat da...