Chill egiten Sansen cotiaren ondoren

Erabiltzailearen aurpegia

Eta han nindoan Donostiara Joaquin Reyes eta Ernesto Sevillaren Viejovenes ikuskizuna ikustera, busean. Zarautzera heltzean neska gazte bat igo zen. Pasilloaren alboko eserlekuan luze-luze bota eta autobusa berriro martxan jarri aurretik telefonoz hitz egiten hasi zen, akordeoi itxura duen autobusaren aurreko zatian geunden guztiok entzuteko moduan, gaztelaniaz, azentu pijoarekin. 

“Aupi! Badakit oraintxe ikusiko garela, baina esan egin behar dizut: ezin dut nire ama jasan! Badakizu dantzan sartzera behartu ninduela eta orain bertan nire bizitzan ez du inongo garrantzirik dantzak. Baina jaialdi edo funtzio bat edo halako zerbait dago eta joan beharra daukat. Gainera, irakasleak dena esaten dio amari. Ba hori, klasera joan behar dudala eta zuzenean joango naizela afarira. Nire asmoa Sanseko etxera joatea zen chill egitera, goizeko 8tatik esna nago eta, baina ezin. Nire anaia etxean egongo da arratsalde guztian eta eman diet bere telefonoa wassap bidez mezuak bidaltzeko. Etxera joango dira eta behar ditudan gauzak hartuko dituzte. Eta beno, deitzen dizut ea utziko ote didazun cotira eraman zenuen soineko beltza? Bai, badakizu zein. Ah, que turbio. Ba beno, beste soineko hura, orduan? Beltza, baita ere beste coti hartara eraman zenuena? Ze nik neuk baino gehiago ezagutzen nauzu. Ah, okaaaaaaay okaaaaaaay [Ez okey, ingelesez esaten den bezala; idazten den bezala, baizik: okaaaaaay]. Ai, ze ondo! Skerrik! [Grax esan zuen eta hori ez dakit nola itzuli]

Pentsatzen nuen “besis” batekin agurtuko zirela, baina ez, hortaz behintzat libratu ginen buseko bidaiariak.

Konbertsazioa amaituta, mugikorra berriro eskutan hartu, grabatzeko aplikazioko rec botoiari eman eta denok entzuteko moduan “fa-bu-lo-so” esan zuen. Ez hori bakarrik: grabatutako artxiboan play eman, mugikorreko bolumena igo eta denok entzun genuen bere “FA-BU-LO-SO” hura. 

Eta hor pentsatu nuen: ez dut ba aldamenean Joaquin Reyes izango bere Celebrities bat egiten? Tamalez, ez...