Hitz egitera etorri naiz ni kontzertu honetara

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ots. 27a, 20:06

A zer eguraldi polita! Bagoaz X eta biok goxo-goxo berriketan kontzertura. Asko gustatzen zait A-ren musika eta badut gogoa kontzertua ikusteko. Egia esan, bazkalaurretik ardo batzuk hartu ditut eta bazkalondoren kopatxoa ere bai. Siestatxo bat ederki egingo nuke, baina kontzertua goiz jarri dute eta bagoaz tertulian.

Zer egiten du jende honek guztiak hemen aurrean? Aizue, zeren zain zaudete? Sartzeko? Sarrerak erosteko? Ah, bietarako... Zer, ilaran jarri behar garela? Ederki nago ba hementxe, aurrena, eguzkipean. Bale, bale, banoa... X, halakotan ez duzu batere laguntzen. Zerbait esatea bazenuen, ez genion inori molestatzen.

Beno, barruan gaude dagoeneko. Goazen aurrera, han hobeto egongo gara, hobeto ikusiko dugu. Egon, aurrena tabernara noa, ardotxo bat ederki etorriko zait eta. Bai, primeran gaude hemen aurrean, baietz? Begira, X, akordatzen al zara zer esan dudan lehen. Ba hori, ba Z-k esan zidan... Aiba, zein da bizardun hori? Ah, teloneroa da. Aaaa, pena, ingelesez ari da. Zer? Kanadarra dela. Bah, ezin al zuten euskaldun bat ekarri. Ni caso, bost axola. Begira, ba Z-k esan zidan joaten garenean... Zer dira sssshhh horiek? Nori ari dira? Guri??? Zertan ari dira guri begiratzen? Bah, kasurik ez. Ba hori, Z-kin egon nintzen lehengoan eta han zer esan zidan. Jesus, ari zaizkigu horko horiek berriro begira? Zer pentsatzen dute, opera batean gaudela, ala? (1) Esaten ari nintzena, Z-k esan zidan G-rekin egon zela eta JAJAJAJAJAJAJA. Y dale sssshhhh horiekin! Bueno, bizardun honek bukatu du behingoz. Bazan ordua, a ze lata. Ez zait batere gustatu. Horretarako ekarri dute eeee, nondik esan duzu? Ah, Kanadatik, hori. Ba hori, honetarako hobeto zuten Z-ren iloba ekartzea. Hobeagoa da eta seguru merkeagoa ere izango zela. Aber behingoz A hasten den jotzen, ze oraingoz nahiko pobrea doa hau. Banoa berriro barrara. X, zerbait nahi al duzu? Ardo bat?

Aiba, azkar hasi da A jotzen. Beno, lehen begira genituen horiek mugitu dira, behintzat. A ze pakea! Begira eta begira, ssshhh eta ssshhh. Plastas! Jo, kanta hau asko gustatzen zait eta Z-ri ere asko gustatzen zaio. Hala esan zidan lehengoan. Behin ikusi omen zuen A ez-dakit-non eta la ostia izan omen zen. Bai alto jotzen ari direla... X, ENTZUTEN AL DUZU ZER DIODAN? BA, ESATEN ARI NINTZENA DA EZ DUDALA INOIZ IKUSI ZUZENEAN ETA KRISTOREN GOGOA DUDALA, ZE, EZ DAKIT BADAKIZUN, BAINA GEHIEN GUSTATZEN ZAIDANETAKOA DA, LEHENGOAN DISKO DENAK DESKARGATU NITUEN INTERNETETIK ETA KIROLDEGIRA BIDEAN ENTZUTEN EGON NINTZEN IPHONEAN, ZE IGUAL EZ DAKIZU, BAINA KIROLDEGIRA JOATEN HASI NAIZ, Z-K ESAN ZIDAN ETA BERA ERE JOATEN ZELA, EZ DA GAUZA IMITATZEA GUSTATZEN ZAIDANA, BAINA Z JOATEN BADA, SEGURU ONDO DAGOELA, ETA HORREGATIK NI ERE JOATEN HASI NAIZ, AIBA ARDOA BUKATU ZAIT, EGON PIXKAT, BANOA BERRIRO BARRARA ETA ESANGO DIZUT ZE ESAN ZIDAN LEHENGOAN Z-K. ORAINTXE NATOR...

(1) Devendra Banhart estatubatuarrak DSS2016ko egoitzaren teilatuan jo zuenean, kontzertu osoan berriketan egon zen batek hori erantzun zion isiltzeko eskatu zion bati: “Zer uste duzu, operan zaudela?”.