Txo! Asteburuetan rock’n’roll garitoetara

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ots. 22a, 08:00

Aldamenetik etorri da eta agertoki aurrean jarri da, beti bezala, irribarretsu. Pozik dago. Egun normal batean taula gainean egongo zen (eta egon da, sarritan), baina gaur entzule bezala dago, lagunartean, kontzertua entzuten, bizitzen. Geroago DJ lanetan izango da, baina une honetan entzule bat da, han gauden besteak bezala. 

Eta agertokira hurreratuta, maraka batzuk hartu eta haiek astintzen hasi da. Gero, jendartera itzuli eta, punk kontzertua izango balitz bezala, bultzaka hasi da, jolasean. Gitarrajolea punteatzen hastean adi-adi begira jarri zaio eta, ondoren, Gaizkak taulara igotzeko esan dio: “Joseba, igo gora”. Eta han igo da. Gibson beltza hartu eta ohiko keinuak egiten hasi da gitarra jotzen duen bitartean. Behean jendea oihuka hasi da, pozik, pixka bat edo puska bat edanda dagoeneko. Rock’n’roll gaua da hau.

Eszena hau pasa den larunbatean bizi izan genuen Donostiako Le Bukowskin, Bidehuts diskoetxeak bere hamargarren urtemugaren aitzakian antolatutako festan. Agertokian Audience taldea, behean Joseba Irazoki handia eta atzean kontzerturako gonbidapenak lortzeko zortea izan genuen ehuntapiko lagunak, areto txiki batean, musikaz gozatzen.

Ze, eta hemen erromantikoa (edo beti bezain txepela) jarriko naiz, halako momentuak taberna, klub, areto txiki, gaztetxe edo, Sex Museumeko Fernando Pardok dioen bezala, rock’n’rolleko garitoetan bizitzen dira. Zaila da antzerako uneak jaialdi handietan ikustea. Egon! Ez dut ezer orain hain modan dauden jaialdien kontra: joan izan naiz jaialdietara (baita intsolazio galanta harrapatu ere batean) eta joango naiz. Ulertzen dut Radiohead, PJ Harvey edo Neil Young ikusteko aukera bakarra jaialdietara joanda dela edo Bruce Springsteen batek ez duela etxe ondoko tabernan joko. Baina, hala ere...

Zer nahi duzue esatea. Dinosaur jr. Gasteiz eta Donostiko jaialdietan ikustea kristorena izan zen, baina taldeko baxujole Lou Barlow gitarra akustiko bat eta pedal batzuek lagun zituela Zarauzko Gaztelekuan ikusi eta entzutea pareko esperientzia izan zen. Edo Mark Lanegan metro gutxira izatea, 30 urte luzez jarraitu duzun Howe Gelbi eskua ematea, Steve Wynnek erosi diozun diskoan marrazki bat egitea, Calvin Johnson martzianoari patata frijitu batzuk eskaintzea (nahiz eta gero kontzertua terriblea izan zen) edo Robyn Hitchcockek Intxaurrondoko korridoretan bis akustiko bat ematea. Horiek ez dira jaialdi handietan ikusten, ezta? Edo akaso bai. Agian idolatria izango da, akaso erromantizismo merkea, baina hortik ere bizi gara musikazaleak.

Eta amaitzeko, Fernando Pardoren hitzak (Malasañako doinuarekin): “Txo! Astelehen, astearte eta asteazkenetan, telesailak; baina, ostegun, ostiral eta larunbatetan, rock’n’rolleko garitoak! Ez ezazue ahaztu: ostegun, ostiral eta larunbatetan, rock’n’rolleko garitoak”. Amen.