Munstroaren ondoan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko urt. 31a, 22:09

Beste arraunkada bat eman eta munstroaren parean jarri da batel txikia. Bilbon jaioa baina Zumaian ezkondutako Joxe Bixente Aranagoitia Aurtenetxe zamaontziari begira geratu da. 

- Begira ezazu. Hor dago Munstroa bezala ezagutzen dutena. Niri ez dit ba inpresiorik egiten. Zer, 100 metrora ere ez da eta heltzen! Hori handia al da ba? Bah! Txorakeriak! Ez dakizu zuk zer nolako ontziak ditudan ikusita han, badakizu non, han egon nintzenean. Non, diozu? Bilbon! Non izango da ba? Haiek bai zirela itsasontziak eta ez hau! Milioika lagun biltzen ginen Nerbioiko ibaiertzean botaduratan. Haiek bai... Ez dakit zenbat tonako pisua duela, bere motorrek ez dakit zenbateko indarra egiten dutela eta behin martxan jarrita hainbesteko abiadura hartzen duela. Ez da ba horrenbesterako izango! Guk gure arraun txiki hauekin atzean lasai asko utziko genuke. Seguru nago. Moilara lotuta dagoelako, bestela horrek jakingo zuen zer den benetako gizon batek bere besoetan duen indarra! Eta ardo beltza gasolina bakarra duenean! Beno, gorria eta zuriarekin ere badabil motor hau. Ja, ja, ja. Benga, goazen lehorrera baxoerdi batzuk hartzera, hau ikusita haserretu besterik ez naiz eta egiten. Munstroa hau? Kabendio! Kontatu al nizuen beste hartan norekin egin nuen topo? Ah, bai? Zuk ere ba al dakizu? Berdin dio, berriro esango dizuet. Ba han nihoan...