Hemen talentu handia dago

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko urt. 24a, 14:25
Argazkia: Juan Luis Romatet

Orain astebete inguru Donostiako Le Bukowski aretoan emandako kontzertuan, The Fleshtones New Yorkeko talde mitikoaren abeslari Peter Zarembak behin eta berriz galdetu zien bere taldekideei ea talenturik bazuten. “¿Tienes talento?” galdetzen zien español makarroniko batean. “¡Si!” erantzuna jaso eta berehala, “¡Aqui hay mucho talento!” esaldia errepikatzen zuen, entzuleak, literalki, bueltak ematen jarri aurretik. Kontakizun hau burura etorri zait pasa den larunbatean Azpeitiko Sanagustin aretoan izandako kontzertuaren ondoren, ez, Fleshtonesenean bezala, festa bat izan zelako, talentua soberan zegoelako, baizik.

Kontzertu areto batera sartzerakoan hiru gauza begiratzen ditut lehenbizi: agertokia non dagoen, taberna non eta, bizio nazkantea asetzeko, merchandising mahaia non dagoen. Gero norbait ezagunarekin topo egiten bada, hobe. Sanagustinen erraza da: agertokia aurrean, taberna ezkerraldean eta, bai! bien! diskoak salgai izaten diren mahaia eskuinaldean. Kajeroa edarien bila zihoala ikusita, zer disko zeuden begiratzera joan nintzen. Mahaian bertan Felix Buff zegoen, ordu eta erdi geroago kristoren kontzertua eman zuen Willis Drummond taldeko bateria-jolea. Diskoen prezioak galdetu ondoren, berekin hizketan hasi nintzen. Denbora epe ez hain handian lautan ikusi nuela esan nion, lau talde desberdinekin. “Ah, bai? Deitu egiten naute eta...” erantzun zidan irribarre batekin.

Eta horretara dator sarrerako txapa talentosoa, ze, talentu galanta behar da halako lau talde edo proiektutan jotzeko. Eta nola jo, gainera. Willis Drummondeko bateria-jolea izateaz gain, bere danborrak Euskal Herriko beste talde batzuen eskutara utzi ditu. Joseba B. Lenoir Gangen jo du gaur egun Willis Drummondeko gitarrajole den Joseba B. Lenoirren agindutara. Talde honetan Napoka Iria bikoteak ere jotzen du. Buff, a ze eztanda elektrikoa Azkoitiko Matadeixen eman zutena.

Atsedenetik edo erretirotik itzuli den Atom Rhumban ere astintzen ditu danborrak. Rober! bilbotarraren proiektuan abeslaria bera da hasieratik mantentzen den bakarra eta orain laukotea Felix Buffek, Cabezafuegok eta Joseba Irazoki beratarrak osatzen dute. A zer hiru musikari! Galanta izan zen orain pare bat hilabete, hau ere, Matadeixen eman zuten saioa.

Eta Irazoki aipatzen bada ezin ahaztu bere taldea, Joseba Irazoki eta Lagunak, euskal musikak eman duen dream teama. WAS (We Are Standard), Amorante, Willis Drummond edota Audience talde edo proiektuetako kideak denak agertoki berean, Irazoki handiak deituta. Ametsa egia bihurtuta eta kanpotik datorren edozein talderen inbidiarik ez duena, edo eduki behar ez diona, behintzat.

Zenbatetan begiratzen dugu kanpora esanaz hau edo hura sekulako musikaria dela, honekin jo duela eta beste harekin proiektu bat sortzekotan dela. Onartzen dut ni naizela halakoak esaten lehenetakoa. Ez gara ohartzen etxean bertan zer dugun. “Ba al dago talenturik hemen?”, galdetu dezake norbaitek. Bai, eta soberan.