Imajinatu dezakezu mundua Star Wars gabe?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abe. 16a, 11:30
Star Warsen onena, Mel Brooksen 'La loca historia de las galaxias'

Ez dut ulertzen Star Warsen fenomenoa. Beno, bai, uler dezaket fenomeno komertzial bezala, ez, ordea, modu zinematografiko batean. Ikusi ditudan zazpi pelikuletatik bat oso ona iruditu zait, lehenengoa, beste bat ona, bigarrena, eta ondorengo bostak kaxkarretik jasangaitzera doaz.  

Ez naiz inoiz sartu Star Warsen munduan. Eta ez dut ezer zine komertzial mota horren aurka. Steven Spielbergen fan bat naiz: Tiburon auskalo zenbatetan ikusi dudan eta Indiana Jonesen abenturak beste hainbestetan; Encuentros en la tercera fase ikaragarri ona da, ET eta El diablo sobre ruedas maisulanak eta bere pelikula serio batzuek (Munich, adibidez) txapela kentzekoak. Eta hori hala izanda ere, bere lagun George Lucasen mundu horren interesik ez dut izan.

Gogoan dut noiz ikusi nuen lehen aldiz La guerra de las galaxias (hala ezagutzen zen orduan; Star Wars bezala ezagutzea geroago etorri zen): ez nuen zinean ikusi, etxeko telebistan baizik. Fotogramas batean irakurri nuen VHSan atera zutela, pantaila panoramikoan, remasterizatua eta blablabla; Zarauzko MaxiEroskira joan nintzen, bideoa erosi, etxera bueltatu, aparailuan sartu, play botoiari eman eta, pum!, pantailan “Episodio IV” letreroa. Ni maldizioka: “Nola episodiokuatro? Ez al da ba hau lehenengoa? Orain ere sartu al didate?”. Garai hartan ez zegoen Internet edo halakorik eta ez dakit nola enteratuko nintzen Lucasek laugarren episodioarekin hasi zuela saga hau. Egia esan, gozatu egin nuen pelikula honekin. Bigarrena, El imperio contraataca, eta hirugarrena, El retorno del Jedi (oraindik ez zen yedai bezala ahozkatzen), Canal+ bidez ikusi nituen. Askok diote bigarrena dela onena. Ez nago ados, baina, beno, ez naiz gerra tonto batean sartuko. Hori bai, barkatuko didazue fanatikoek, baina hirugarrena ez dago salbatzerik: Ewok alu horiek pelikula infantilizatu besterik ez dute egiten. 

Eta halako batean bigarren trilogia (kronologikoki lehena dena, edo halako zerbait) heldu zen. La amenaza fantasma Aita Mari zinean ikusi nuen. Zoritxarrez, nire zinezaletasunaren historiara pasa den pelikula da: Vicky Christina Barcelonarekin batera inoiz ikusi dudan pelikula txarrena da (bai, Chuck Norrisenak ere ikusita dauzkat). Ondoren etorri ziren biak, izenak ez ditut gogoratzen, bide beretik joan ziren: kaxkarrak ez, hurrengoa. Eta hori nire Natalie Portman maitatua han zegoela. Edo agian ez, baliteke efekto digital pastelero haiekin egindako holograma bat izatea. Bitxia da 20 urteko aldea egonda ere, lego piezekin egindako espaziontziak dituen lehenengo pelikula modernoagoa agertzea modu digitalean egindako bigarren trilogia baino. Enfin...

Iaz El despertar de la fuerza estrenatu zuten. Bigarren trilogiako gehiegikeri digitalak alde batera uzten zituela, lehen trilogiako pertsonaiak agertzen zirela, Star Warsen magia berriro berreskuratu zutela... Ostiyak! Lehenengoaren remake bat besterik ez da eta! Kamuflatutakoa edo ez hainbeste, baina remake bat. Eta hor esan nuen: “yasta! Nahikoa da. Honaino heldu naiz”.

Orain spin off batekin datoz, Rogue one. Nahikoa ez enborrarekin eta orain adarrak ere atera zaizkio sagari. Marketing operazio itzela egiten ari dira: hedabide guztietan dago, Interneten, zinetan, baita bizar-aitzurren iragarkietan ere. A zer pereza! Orain astebete The Guardian egunkari ingelesak galdera bat luzatu zien zenbait idazleri: “Imajinatu dezaku mundua Star Wars gabe?”. Erantzuna erraza da: Bai.