Zine kasposoaren plazerra edo nork ez du misil-jaurtigailu bat mesanotxe ondoan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko aza. 19a, 10:15

Aste kulturetagia izan da hau. Denbora epe labur batean Prokofiev, Debussy edo Danteri buruz idatzi behar izan du hau sinatzen duenak. Askotxo. Horregatik, maila jaisteko, zer hobeto zine kasposoari tarte bat zabaltzea baino.  

Goian dagoen bideo hori Charles Bronson aktorea buru izan zuen Death Wish sagako pelikula batekoa da, hirugarrengokoa uste dut. Bronsonek pelikula onak egin zituen (La gran evasion, Doce del patibulo, Hasta que llego su hora), baina 1970eko eta 80ko hamarkadetan pelikula kaxkarrak, kasposoak, egiten hasi zen, beti ere mendakatzaile zuzenaren paperean. Lehen El justiciero de la ciudad hura bazegoen ikustea, nahiz eta askok faxismoarekin lotu zuten. Gaizkile batzuek bere emaztea hil eta alaba bortxatu ondoren, politikoki liberala den arkitektu bat (baina ez Esperanza Aguirreren liberalismoa, ezker ukitukoa, baizik), Paul Kersey (Bronson), mendeku bila ateratzen da New Yorkeko kaleetara eta aurrean aurkitzen dituen guztiak akabatzen ditu. Noski, amaieran libre ateratzen zaigu gizona.

Pelikulak izandako arrakastaren ondoren Death Wish 2, 3, 4 eta 5 egin zituen, zein baino zein txarragoak. Denak ikusita ditut. Ostarrena garaiko lagun batentzat ere, hainbeste “zine on” ikusi ondoren, desintoxikatzeko oso onak ziren Bronsonen pelikulak. Saga honetan bitxia dena bere ingurukoek, senitartekoek eta lagunek duten zortea da: esan bezala, lehen pelikulan emaztea hil eta alaba bortxatzen dute; bigarrengoan alaba hiltzen dute; laugarrengoan bere bikotekidearen alaba hiltzen da gaindosi baten ondoren eta Kersey droga saldu ziotenaren bila doa, eta bosgarrengoan neskalaguna bera (baina ez aurreko bikotekidea, beste bat, gure Kersey latin lover antzerakoa baita) da ganster batzuekin arazotan sartzen dena. Hirugarrengoan, lagun batek deituta, auzategi bateko gaizkile guztiak akabatzen ditu. Baina, ez gaitezen larritu: bost pelikuletan zehar zientoka lagun hiltzen baditu ere, berak arkitektu izaten jarraitzen du! Eta ez dauka beste neskalagun bat aurkitzeko arazorik.

Buelta gaitezen bideo honetara. Nork ez du inoiz izan norbait akabatzeko gogorik? Benga, altxa eskuak. Denok esango nuke, baina etikak eta kode moralek hala aginduta, edo une horretan katana bat alboan ez dugulako, gogo hori gauzatu gabe geratzen gara. Espetxean 30 urte igaro behar izateak ere pentsa arazi egiten du eskopetaren katua sakatu aurretik. Baina, pentsa une batez Paul Kersey arkitektoa zarela eta alboan misil-jaurtigailu bat duzula, ze, nork ez du misil-jaurtigailu bat mesanotxe ondoan? Zer egingo zenuke? Noski, misila jaurtiki gaizkilearen/une-horretan-gorroto-duzun-pertsonaren sabelera. Ze zu Paul Kersey zara, etxeak diseinatzeaz gain gaizkileak akabatzen dituzu eta eguna bukatzerakoan etxean neskalaguna zain duzu whisky batekin eta etxeko zapatilekin, urteak aurrera joan ahala gero eta gazteagoa den neskalaguna, gainera.

Ai, nork ez luke nahi Paul Kersey izan egun batez bada ere! Ai, ze une ederrak eskaintzen dituen zine kasposoak!