Gauza txiki horiek

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko aza. 9a, 22:32
Scott McCaughey (ezkerretik lehena), Young Fresh Fellowsekin

Askotan garrantzirik ez duten gauza txiki horiek alaitzen dute eguna. Posta elektroniko mezu batek, demagun.

Scott McCaughey nire heroietako bat da. Musikaria da, Seattle hirikoa. Young Fresh Fellows taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta abeslaria. Nire talde gogokoenetakoa izan den R.E.M.eko gitarra-jole ere izan zen garai batean. Beste zenbait taldetako buru edo partaidea ere bada: The Minus 5, The Venus 3 Robyn Hitchcockekin, The Baseball Project Steve Wynn eta R.E.M.eko Peter Buckekin, eta abat luze bat. Hogeitapiko urte noa bere musika entzuten.

1992an ezagutu nuen bere musika. Urte hartan Young Fresh Fellows taldearen bilduma bat atera zuen Santurtzin jatorria duen Munster Records diskoetxeak. Somos los mejores! zuen (edo du) izena diskoak. Askotan bezala, taldea ezagutu gabe erosi nuen disko hori. Grungearen garaia zen (Nirvana, Pearl Jam, blablabla) eta saltsa horretan genbiltzanok Seattletik zetorren guztia entzun nahi genuen. Hala heldu zen disko hori nire eskuetara. Eta nola gozatu nuen! Handik gutxira beste disko bat atera zuten eta hura ere erosi nuen. Musikako beste mugimendu asko bezala, grungea ere historiara pasa zen eta garai hartan erositako disko gehienak alde batera utzi nituen. Ez, ordea, Young Fresh Fellowsen haiek; sarritan entzuten nituen.

Behin tokadiskoa izorratu zitzaidan eta gogoratzen ez dudan arrazoi bat medio, ez nuen konpontzera eraman, ezta berria erosi ere. CDekin nahikoa izango nuen eta handik denbora batera mp3ak eta halakoak azaldu ziren. Binilozko diskoak entzuteko aparailurik ezean, gehienak saldu egin nituen. Ez, ordea, Young Fresh Fellowsen haiek; disko haiek, ulertzen ez dudan arrazoi batengatik, besteak baino nireagoak ziren eta gorde egin nituen. Ganbaran egon ziren zenbait urtetan.

Orain hiru bat urte tokadisko berria erosi nuen arte. Han jaitsi nituen ganbarako altxor haiek eta, noski, baita berriak erosten hasi ere. Urteekin, pixkanaka, Young Fresh Fellows eta Minus 5en bildumatxo bat osatzen joan naiz.

Laukote honek, Young Fresh Fellowsek, kontzertua eman zuen pasa den larunbatean Andoainen. Lagun bat (karnetik ez dugunontzako, txoferra) konbentzitu nuen joateko (ez zen asko behar izan) eta euripean han joan ginen. Espero nuen guztia eman zuten: rock'n'rolla, power pop melodikoa, garaje zikin xamarra, baita country ukituak ere, eta adinean aurrera badoaz ere, oholtza gainean gazte segitzen dutela erakutsi zuten. Gustura atera nintzen aretorik, irribarre handi batekin. Kanpoan diskoak zituzten salgai eta, noski, ezin tentazioa eutsi. Biretarako espresuki ateratzen dituzten diskoak erosteko aukera izaten da halakoetan. Young Fresh Fellowsen Extintores y txipirones (bai, izen hori jarri diote diskoari) eta Scott berak iaz egin zuen bakarkako birarako prestatutako diskoa eskuratu nituen. Bazegoen beste bat, laranja kolorekoa, baina, ez dakit zergatik ez nion kasurik egin. Txoferrak galdetu zidan ea pixka bat gehiago egon nahi nuen, baina, ikusita ze eguraldi txakurra zegoen, etxera bueltatzea erabaki nuen. Gero jakin nuen berehala igo zirela taldekideak eta adeitsu egon zirela hizketan bertaratutakoekin. Kauen!

Igandean, Zumaian, itsas ondareari buruzko hitzaldia zegoen. Han zegoen emakume batek (barkatu, baina ez dakit zein den zure izena!) ezagutu ninduen; bera ere bezperan Andoainen izan zela esan zidan. Dirudienez, biok ginen McCaugheyren jarraitzaileak. Berriketan, esan zidan laranja koloreko disko hura Minus 5en bat zela eta bertsioez osatuta zegoela; berak erosi zuela. “Zergatik ez nuen erosi?!” hasi nintzen nire buruari galdetzen, buruari kolpe imajinario batzuk ematen nizkion bitartean. Noski, nire disko bilduma umezurtz zegoen.

Etxean taldearen web gunean sartu nintzen, ea han aurkitzen nuen. Baina ez, ez zegoen. Guneak harremanetarako duen txokoan sartu eta nire ingelesez traketsarekin galdetu nuen ea nolabait disko hori lortzerik izango zen. Erantzungo zidaten esperantza handirik ez nuen.

Astelehen goizean, bulegoan, ordenagailu aurrean nintzela, 'doing!' jo zuen mugikorrak. Mezu bat heldu zen. Sakelekoa eskutan hartu, mezua ireki eta 'doing!' (hau buru barruan), Scott McCaughey beraren mezua: “Uste dut Butcher covered izeneko diskoaz ari zarela. Urteetan zehar egin ditugun bertsioez osatutako bootleg antzerako bat da. Esaidazu zure helbidea eta saiatuko naiz diskoa zuri helarazten. Eta eskerrik asko kontzertura joateagatik! Cheers, Scott”.

Badakit, txorakeria bat da, baina kristoren ilusioa egin zidan. Halako gauza txikiak behar izaten dira astelehen gris eta euritsuak jasateko.