Woody, Vicky, Cristina eta ni

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ira. 1a, 08:18
Pasa berri den ostiralean, abuztuaren 26an, Woody Allenen pelikula berria estreinatu da espainiar estatuko zine aretoetan: Cafe society. New Yorkeko zuzendariak urtero aurkezten du pelikula berri bat eta estreinuko egun hori festa eguna izaten zen niretzeko. Izaten zela diot, izan ere, 2008ko irailaren 19an Vicky Cristina Barcelona heldu zen.

Hau sinatzen duenarentzat, zinemagintzaren Marianatako itsas-hobia da Vicky Cristina Barcelona. Ezin pelikula txarragoa gogoratu, La amenaza fantasma baino txarragoa (posible ote?). Agian norbaitek esango du, demagun, Chuck Norrisen pelikulak okerragoak direla, baina ez, ez da hala, honako arrazoiengatik: 

  1. Chuck Norrisen pelikulak ezin dira zine bezala katalogatu.
  2. Hain txarrak dira, barrea eragiten dutela.
  3. Beraiek ere primeran dakite kasposidade bat egiten ari direla, ez artea.

Woody Allen, aldiz, zinemagintzako maixu bat da, eta hori hala da. Kontrakoa dioenarentzat: goizaldean elkartuko gara Beheko plazan duelurako. Zer nahiago duzu? Sablea edo floretea? 

1977an Annie Hall aurkeztu zuenetik, 2008an topikoz betetako gauza jasanezin hau estreinatu zuen arte, makina bat harribitxi eskaini zizkigun zinegile gafosoak: maisulanak batzuk (asko, Broadway Danny Rose nire gogokoena) beste batzuk ez hainbeste, baina INOIZ EZ pelikula txar bat. Edo hala pentsatzen nuen 2008ko udazken hasiera hartan Pek eta Javierrek protagonizatutako gauza hura pantailetara heldu zen arte. Horrek gauza denak aldatu zizkidan; begiak zabaldu zizkidan. Aizu, Todo lo demas hura benetan txarra zen, ezta? Eta Un final made in Hollywood harekin ez nuen batere barrerik egin. Eta El sueño de Casandra ere ez zen katxaperoak botatzeko modukoa. Granujas de medio peloren bigarren zatia nahiko txarra zen. Eta… Eta…

Gogoan dut zer zinetan eta norekin ikusi nuen ditxosozko Vicky hau (Iepa Abelin!) eta gogoan dut ordu erdirako alde egiteko irrikitan nengoela. Hobe joan izan banitz, ze beste ordubete luzez iraun zuen. Eskerrak ondoren Coen anaien Quemar después de leer ikusi genuen. Harekin bai barre egin!

Ez dakit besteoi, baina guri etxera behin eta berriro deitzen digute telefono inkestak egiteko. Batzuk hauteskundeei buruzkoak dira: “Azken hauteskundeetan botoa eman al zenuen?”. “Bai”. “Eta nori?”. “Zuri esango dizut ba!”. 

0tik 10erako balorazioak egitea ere eskatzen dituzte.

  • Urkulluk egindako lana nola baloratuko zenuke, 0tik 10era?
  • Zerbait egin al du ba?
  • ….

Politikariak baloratzeko ere eskatzen dute, beti ere 0tik 10era.

  • Urkullu?
  • X (ez dut hemen esango, ezagutzen gara eta)
  • Otegi?
  • Y (hau ere ez)
  • Patxi Lopez?
  • jajaja
  • Mariano Rajoy?
  • Shero.
  • Albert Rivera?
  • minus 10
  • Ezin da boto negatiborik eman, 0tik 10era da.
  • Ba nik minus 10 eman nahi diot.

Ba Vicky Cristina Barcelona zinemagintzako Albert Rivera da. Ez da zero bat; zenbaki negatiboetan dago. Hain da txarra! Hain da topikoz betetakoa! Hain da jasangaitza! 

Haren ondoren Woody Allenekin nuen harremana erabat aldatu zen. Lehen pelikula GUZTIAK ikustera joaten nintzen zinera. Haren ondoren batzuk ikusi ere ez ditut egin (Romako hark ze izen zuen?). Onar dezaket bat edo beste ona dela (Irrational man), baita oso ona ere (Midnight in Paris), baina txarra baino txarragoa dena ere egin du (Magia a la luz de la luna). Eta orain Cafe society hau… Berriro ere antigualean kokatuta… Zumaian botako ote dute?… Posterra jarrita dago behintzat… Donostiarako trena ze ordutan dago? Estoooo, afaltzera berandu helduko naizela…