Kazetaritza marrazkien bitartez

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abu. 9a, 10:26

Zenbatetan entzun dugu kazetaritza mundua krisian dagoela? Eta hala da. Mundu mailako azken krisialdiak (edo estafak, hobe esanda), gogor kolpatu du kazetarien gremioa. Hainbat komunikabide itxi dira eta milaka dira kazetaritza munduan galdutako lanpostuak. Hala ere gizakiok informatzeko beharra edo grina mantentzen dugu.

Informatuta mantentzeko mila eta bat modu daude. Beno, agian ez hainbeste. Paperezko egunkari eta aldizkariei irratia eta telebista gehitu zitzaien lehenbizi. Gero Internet, blogak, sare sozialak, etab. luze bat etorri dira. Hau idazterako orduan agian norbaitek asmatuko zuen informazioa helarazteko beste modu bat. Baina, gero, fidagarritasunaren kontua dago. Presarekin, urgentziaz, beste hedabideek argitaratu baino lehen idatzi eta publikatzen diren Interneteko/sare sozialetako albiste hauek ez al dute plazako/tabernako berriketaldi batean sortzen diren rumorologiaren fidagarritasun bera? Kieto, nik neuk, guk geuk ere akats larriak egin izan ditut/ditugu, Twitter/Facebook bidez irakurritako berri bati fidagarritasuna emanez eta mundura zabalduaz. Azkena ez hain urruti. Horregatik, informazioaren zortzi erraileko autopisten garai honetan, ez al da agian unea izango autobidetik atera, arnasa hartu, eta bidezidorretik joatekoa?

Bada kazetaritza lantzeko beste modu bat, ez agian oso ezaguna, eta horixe eskatzen duena: denbora. Komikiaz ari naiz. Bai, tebeua, gehiengo handi baten ustetan frikiek eta haurtzaroan kateatuta geratu diren gizagaixoek irakurtzen dituzten gauza horiek (Bidasoaren iparraldean beste arte bat bezala kontsideratzen dena, hegoaldean frikien elikagaiaren moduan ikusten da. Bitxia…). Komikiak ez dira Mortadeloren eta superheroien mundura mugatzen, oso errespetagarriak biak: mundu oso zabala da eta bada kazetaritza marrazkien bidez jorratzen duen jendea ere.

Horien artean ezagunena Joe Sacco izango da. Maltan jaioa, Estatu Batuetan bizi da gaur egun. Kazetaritzan lizentziatua, komiki alternatiboen munduan hasi zen, bi arloak uztartu zituen arte. Bere lan ezagunenak bi gatazka armatuetan girotutakoak dira: Palestinakoa eta Balkanetako gerra. Bertan izan zen Sacco, gerra erdian, testigantzak jasotzen eta hedabideentzako erreportajeak edo kronikak egin beharrean, komiki moduan lantzea erabaki zuen. Palestina, Gorazde, zona segura eta Notas al pie de Gaza dira bere lanetako batzuk. Bi leku hauetan gertatutako edo gertatzen ari den tragedia ezagutzeko beste era bat eskaintzen dute.

Quebeceko Guy Delislek umore asko erabiltzen du, baina bere kronikak oso baliagarriak dira agian arrotsak egiten zaizkigun mundu batzuk ezagutzeko. Bere emazteak gobernuz kanpoko erakunde batean egiten zuen lan eta harekin batera bidaiatzen zuen Delislek. Txinan (Shenzen), Ipar Korean (Pyongyang), Myanmarren (Cronicas birmanas) eta Israelen (Cronicas de Jerusalen) izan da, besteak beste. Haurrak paseatzen zituen bitartean, han ikusten zuenaren berri ematen du. Historia handia baino, istorio txikiak kontatzen ditu, baina mosaiko baten moduan, azkenean irudi osoa ikusten duzu.

Genero honetako azken lana nire eskutara heltzen Barcelona. Los vagabundos de la chatarra da, Jorge Carrion eta Sagarren lana. Modu desberdinetan hartu daiteke liburu hau: Bartzelonak azken hamarkadatan pairatu duen aldaketa urbanistikoa, azken krisiak gehien kolpatu dituen pertsonen kronikak edo txatarraren gremioan krisialdiak eragindako aldaketak. Hau guztia Sagarren marrazki koloretsuekin jantzita. Amaitzeko, gainera, Joe Sacco bera elkarrizketatzen dute, hau ere, marrazkien bidez. Lan ederra da, agian erabat ezezaguna zaigun edo ikusi nahi ez dugun mundu baten berri ematen diguna.