Ay Anselma, Anselma, Anselma...

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko uzt. 26a, 18:28
Azkenean konbentzitu naute eta Baleikeko Komunitatean perfila edo dena delakoa zabaldu dut. Gustukoak ditudan liburu, disko, pelikula eta bestelakoei buruz joango da txoko hau, baina, hasteko, Euskal Herriko misterio esplikaezin bati emango diot tartea: ETB-1eko programazioa eta bereziki larunbat gauean euskarazko katean ikus daitekeena.

Hara, Donostiako Gros auzoko taberna batean geunden zapatu gauean. Jazzaldia puri-purian zegoen eta Zestoako Rural Zombies pop taldearen kontzertua ikusi ondoren, taberna batera joan ginen ogitarteko bat jatera. Komunitateko txokoa zabaltzea buruan nuen ordurako eta talde honi buruz zerbait idatziko nuela ari nintzen pentsatzen, baina, halako batean burua plateretik altxa eta mutututa zegoen telebista pantailan Ilaski Serranoren irribarre amaitezina antzeman nuen. Zumarragako plazatik Oholtzan saioa ari zen aurkezten eta, beste behin ere, Mexikoko doinuak ziren protagonistak. Cielito lindo, Ay Anselma edo Sigo siendo el rey ez ziren faltako. Falta zen bakarra Juanin Sanchez izango zen.  

Baina ez zen horrekin amaitzen ETB-1ek ikusleak erakartzeko prestatutako programazioa: jarraian, ordu erdiko kamera ezkutuko saioa izan zen. A zer programazioa euskal kateko prime time-ean! Ziur larunbateko share guztiak hautsiko zituela! Mister Beanen kapitulu zimelduak aurkitzea ez zitzaidan arraroa egingo.

Kuriositateak bultzata, EITBren web gunean sartu naiz eta, aipatutako saio honetan, azken asteotan, honako saio hauek eman dituztela ikusi dut: SanFerminetako kantu zaharren bazkaria, Jota jaialdia Tafallan, Bilboko zazpikaleak kantuan, Dantzaldia Zestoan, eta abar luze bat. Aber, bai, ikuskizun hauek bere lekua izan dezakete telebistan, baina, zapatu gauko programazioa betetzeraino? Esango duzue ez dela jende asko egoten telebista ikusten larunbat gauetan, nahiz eta hori debatitzeko modukoa den, baina, euskaldunok ez al dugu eskubiderik beste zerbait... modernoagoa, aberatsagoa ikusteko? Edo sektore jakin bat da euskarazko katearen targeta?

Ez dut ia ETB-1 ikusten. Azken hilabeteotan Nagore dokumentala, estropadak eta Tourraz aparte (Urkulluren diskurtsoekin batera siesta eragile onena) ez dut kate hau ikusi. Ez dut ezer interesgarria aurkitzen. Baina, gogoan dut orain urte batzuk Ez dok amairu taldearen inguruko dokumental luzea eman zutela, Amets Arzallusek gidatutakoa. Baita Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten zuen Tumatxak, Euskal Herriko musikari klasiko eta ez hain klasikoak biltzen zituena. Sautrela ere gustukoa nuen, baina bazkalordoan ezkutatzen zuten eta gehienetan ezin ikusi. Hortik aurrera kirolak, igandetako meza [katolikoa], kirolak, Julian Iantziren saio desberdinak, kamera ezkutuak, Mister Bean eta kirolak. Ezer gutxi gehiago. 

Pentsatu izan dut ea zein den ETB-1ean funtzioa eta ea merezi duen halako dirutza gastatzeak halako programazio kaxkarrean. Bai, noski, euskara hedatzen laguntzea dago helburuen artean, baina, hortaz aparte, ezin al dugu euskaldunok, euskaraz hitz egiten dugunok, programazio erakargarri bat duen telebista kate txukun bat eduki? Ziur aski EITBko/Eusko Jaurlaritzako agintariek ondorioztatuko zutela hori betetzeko nahikoa dela rancherekin, mezarekin, kirolekin eta Julian Iantzirekin. Hala bada, a zer pena.