Mitoak apurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Mari Azkue 2018ko ira. 1a, 12:22

Musikari klasikoi musika mota hori bakarrik gustatzen zaigunaren mitoa oso zabalduta dago gaur egun. Ematen duenez oso arraroa egiten da jende askorentzat musikari klasikoak rock kontzertu edo indie festibal baten ikustea, eta behin baino gehiagotan egin didate ondorengo galdera: “Baina zuei gustatzen al zaizue mota honetako kontzertuetara etortzea, dagoen oihu eta algara guztiarekin?’’

Musikari klasikoaren irudia  pertsona isilarena izaten da, bere gelatxoan ikasten edo konposatzen egun guztia pasatzen duenarena. Rock edo pop musikari batena aldiz, egun guztian juergan dabiltzanena eta denbora oso gutxi entseatzen dutenarena.

Kontzertuak ere ildo berdinetik dihoaztela pentsa genezake, kontzertu klasikoko bat gauza serio eta arauz beterikoa; rock kontzertu bat berriz algaraz beterikoa, alaia, burrunda askokoa…..

Orain dela mende batzuk opera batera joatea gaur egungo rock festibal batera joatea baino eroagoa zela esango banizueke zer pentsatuko zenukete?

B. Marcellok bere Teatro a la Moda liburuan Veneziako opera antzokietan 17. mendean bizi zen atmosfera deskribatzen digu. Pasarte batean jendea janari eta edatekoarekin antzokietara sartu eta han bertan opera entzuten zuen bitartean barbakoak nola egiten zituzten kontatzen digu, eszenatokian abesten ziren kantak abeslariekin batera kantatzen zituzten bitartean. Noski, arau batzuk ere bazeuden. Adibidez, antzoki barruan esku hutsik  borroka egitea onartua zegoen, baina ezpatekin egitea guztiz debekatuta zegoen, horretarako kaleak zeudela zioten.

Ezpata dueluen ildora oso famatua izan zen G.F Handel eta J. Mattheson konpositoreek izandakoa, Matthesonen opera baten erdian. Mattheson konpositore bikaina izateaz aparte abeslari aparta zela ere iritsi zaigu. Cleopatra operan bere buruarentzat  espresuki idatzi zuen pertsonaia bat; Handel, berriz, gau hartan bibolina jotzen zegoen orkestran. Emanaldia hasi eta berehala, zuzendariak zeukan mozkorra zela eta, opera gelditu eta Handelek jarri behar izan zuen zuzendari modura. Operaren erdialdera, Matthesonek interpretatzen zuen pertsonaia hil zen momentuan, Handelena joan eta zuzendari lanak berari lagatzeko eskatu zion. Handelek uko egin, ezpata atera eta borrokan hasi zirela diote orduko kronikariek. Duelua Matthesonek Handeli ezpata bihotz aldean sartu zionean bukatu zen. Zorionez, Handelek operako partitura bihotz aldeko poltsikoan zeukan eta horrek libratu zuen heriotza ziur batetik.  

Zein urrun testu liburuetan erakusten diguten musika klasikoaren irudi serio eta aspergarritik, ezta?