Espazio politikoez

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2023ko urt. 24a, 06:01

Albiste izan da azken hilabeteetan Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek Aita Mari auzoko Eroski zaharraren eraikinean “Zentro Sozialista” bat ireki dutela. Horrek jabetza pribatuaren eta okupazioaren gaia eztabaida publikora ekarri du berriz ere herrian.

Hainbat puntu nabarmendu beharko lirateke, baina hemen bi nabarmentzeko espazioa baino ez dut. Aurrenekoa, politika egiteko espazio fisikoen eskubidea noren gain dagoen ezbaian jartzea litzateke. Izan ere, nork du antolakuntza politikorako espazioa(k) izateko eskubidea? Soilik Estatutik eta donazio pribatuetatik milaka euro jasotzen dituzten alderdi politiko instituzional-profesionalak eta euren gazteriak? Hala, badute politika egiteko eskubidea era independentean antolatzen diren gazte langileak? Eskubide hori soilik diruak eta boterearekiko gertutasunak bermatzen al du?

Bigarrenik, zentzu komun sozialarekin bat, inork gutxik jartzen du zalantzan hezkuntza eta osasungintzarako eskubideak unibertsalak izan behar direnik, nahiz eta gero praktikan hori ez den bermatzen. Baina, eta espaziorako eskubidea, ez luke behar horrek ere unibertsala? Hala diru iturri finkoetara sarbiderik ez duen orok alokairu jasangaitz bat ordaindu behar du bere bizitza guztia miseriara kondenatuz? Bizitzeko eta politika egiteko espazioen eskubide unibertsalaren ernamuin behar luke Eroski zaharreko Zentro Sozialistak, hogei urtez hutsik egon eta gero.