Pentsiodunen eredua

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2021ko abe. 31a, 16:01

Europako funtsak jasotzeko Espainiako Gobernuak Europar Batasunarekin sinatutako azken akordioak dio pentsioaren zenbatekoaren kalkulua 35 urtera arte igo daitekeela. Informazioak ez dira oso argiak oraingoz, baina hori da Europatik “leheneratzeko” dirua jasotzearen prezio gordina.

Bada arazo honetan belaunaldi ezberdinen arteko borroka ikusi nahi duenik, hots, gure zaharrek “sekulako” bizitza botatzeko gazte gaixoek jasangaitza den pentsio sistema sostengatu behar dutela, beren lan gogorraren barruan. Ikuspegi horren aurka, gogoratu beharko genuke pentsioak historikoki antolatutako langile mugimenduaren fruituak direla. Justuki, langile klasearen bizitza gogorra zerbait arintzeko langileek estatu kapitalistari irabazitako konkista bat. Ongi dakite astelehenero Zumaian, Euskal Herrian eta Estatuko beste hainbat herritan biltzen diren pentsiodunek.

Beren aldarria izan zitekeen kolektiboari eragiten dien arazo baten inguruko protesta hutsa. Alabaina, pentsiodun ugari ari dira beren erretiroaren denbora militantzia lan honi eskaintzen, egungo gazte langileek etorkizun duinagoa izan dezaten. Horregatik deitzen diete gazteei beraiekin batera borroka daitezen, horregatik da beren aldarria pentsio sistema iraunkor baten aldekoa. Etorkizun latza du langile klaseak aurretik, krisi kapitalista gogor jotzen ari da gurean. Baina gure pentsiodunek eredu garbi bat erakutsi digute: borroka klase artekoa da, eta ez belaunaldi artekoa.