SOStalaritza

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2021ko ots. 23a, 07:01

Ostalarien protestek hautsak harrotu dituzte gurean, krisiari eta jarduera mugei aurre egiteko dirulaguntzak eskatzen dituzte. Baina ziur esan dezakegu ez dela sektore honen erreskate ekonomikorik izango (kreditu finantzazio batzuez aparte). Zergatik? EAEko zein espainiar Estatuko erakunde politikoek agintzen duten lurraldearen oinarri ekonomiko-produktiboak ez duelako ahalbidetzen.

Askok Alemaniak bere ostalaritza sektorea diru publikoz erreskatatzeko egin duen politika errepikatu nahiko lukete. Baina Alemaniak badu oinarri produktibo indartsu bat eta bere konposizio ekonomikoa ez da zerbitzu sektorean oinarritzen, Espainian eta EAEn neurri txikiagoan gertatzen ez den bezala. Gure erakunde politikoak zor publikoez itota daude eta berandu baino lehen neurri fiskal zorrotzak ezarriko ditu berriz Europak. Gainera, europar funtsak ez dira erabiliko ostalaritzako enpresa ez errentagarriak erreskatatzeko. Oposizioan dauden alderdi sozialdemokratek (gurean EH Bilduk egin bezala) promesa ugari egingo dituzte, baina ezingo dituzte bete.

Gainera, badirudi protesta hauetan enpresa txikietan ematen den klase gatazka ahazten dela. Enpresa txikiak, narratiba burges txikiak dioenetik aparte, ez dira familia bat. Krisi honen lehen kaltetuak ez dira ostalaritza jabeak, lehendik ere baldintza aski prekarioetan bertan lanean zebiltzan langileak baizik, gazteak gehienbat. Inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeen mugak eta klase batasuna zein independentzia oinarri hartuko dituen politika bat.