Eztanda egin arte

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2020ko urr. 29a, 07:10

COVID-19aren krisiak aurrera darrai jendarte kapitalistaren zimendu guztiak astintzen. Bigarren hiruhileko ekonomikoan % 18,5eko erorikoa jasan zuen Espainiako Estatuko Barne Produktu Gordinaren, gaztelaniaz PIB, hobeto, % 20,1eko erorikoa izan baitzuen epe berean, eta urte amaierarako 30.000 enplegu galtzea espero da Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera. Ikusteke itxialdi berrien ondorioak zein izango liratekeen.

Baina, oraindik ere, erorialdia ez da bere eztandara iritsi. Egun, erakunde publiko guztiak zorretan eta gastu defizitarioan sar daitezke. Europar Batasunak hala baimentzen dio Estatuari eta honek hala baimentzen die erkidegoei, aldundiei eta udalei. Horren bidez, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak, bizitzeko gutxieneko diru sarrerak edota beste hainbat larrialdiko neurri sozial finantza ditzakete erakunde publikoek.

Neurri horiek guztiak Europar Banku Zentrala sortzen ari den diru likidezia handiari esker mantentzen dira. Hau da, fikzio hutsa baino ez dira. Egun Estatuko ekonomiak, ezta Euskal Herrikoak ere, ez baitu gastu publiko hori guztia finantzatzeko nahi haina baliorik sortzen. Burbuila erraldoi bat puzten ari da berriz ere eurogunean. Europak neurri fiskal zorrotzak berrezartzean eta Frankfurtek likideziaren iturria ixten duenean eztanda egingo duena. Bitartean, proletarizazio eta pobretze orokortuak aurrera darrai. Estrategia politiko berriak pentsatzeko unea da.