Urruntze sozialaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2020ko uzt. 22a, 09:00

Carl Schmitt legelari eta filosofoari zor zaio subiranotasunaren definizio zehatzenetako bat. Schmittentzat, subiranoa salbuespen egoeraren inguruan erabakitzeko gaitasuna duen hori da, gure kasuan Estatua. Teorialari politiko askok zioten Estatua indarra galtzen ari zela, baina COVID-19aren krisiarekin berriz ere gailendu da benetako eta salbuespeneko presio mekanismo gisa. Jendartearen gehiengo batek otzan onartu ditu salbuespen egoera eta konfinamendua. Noski, osasun arrazoiak zeuden tarteko, baina erabaki gehienak inolako kontrol demokratikorik gabeko foroetan hartu dira. Espainiaren kasuan, gainera, autonomien erabakitze guneak ezabatuz.

Orain, behin itxialdi zurruna igarota, urruntze sozialeko neurriak geratzeko etorri direla esaten digute Estatuko arduradun politikoek: bi metroko distantzia, urkoa ezin besarkatzea, barre elkarrekin ezin egitea edota herrialde batzuek jada inposatu duten garraio publikoan isilik joateko “gomendioa”. Batzuek pentsatuko dute neurri horiek guztiz beharrezkoak direla Covid-19aren aurkako txertoa aurkitu arte. Bada, historiak erakusten digu salbuespen egoeran inposatutako jarrera sozial batzuk ohitura bilakatzen direla.

Askok diote COVID-19a errazago hedatu dela Europa hegoaldeko herrialdeetan gure hurbiltasuneko jarreragatik: musuak, laztanak edota gertu hitz egitea gure egunerokotasunaren parte direlako. Horiek ezin ditugu ikusi orain gaitz baten moduan. Kapitalismoak, bere fase neoliberalean, azken urteetan izan duen joera lotura sozial oro birrintzekoa izan da, norbanakoa atomizatzekoa. Urruntasun soziala gailentzen bada, joera hau atzeraezin bihur daiteke.