Txernobyl bat EAJrentzat?

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2020ko mar. 22a, 10:10

1986ko apirilaren 26an Txernobyleko zentral nuklearreko laugarren erreaktoreak eztanda egin zuen. Horrekin batera, sistema politiko sobietarraren gainbehera hasi zen. 2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Eitzaga zabortegian luizi bat izan zen eta, bi langile desagertzeaz gain, inguruko herriak larrialdi ekologiko egoeran ere jarri ditu. Apirilaren 5ean EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira. Antza, EAJk aise irabaziko lituzkeen bozak. Baina, egun batzuetan dena alda daiteke. Zaldibar izango ote da EAJren 40 urteko hegemonia autonomikoaren amaiera?

Bada, oposizio ezkertiarra (EH Bildu eta Ezker Abertzalea gehienbat) horretan dabil, baina zaila egiten zait irudikatzea gertaera honek EAJren perestroika prozesua abiaraziko duenik. Hala ere, Zaldibarkoa oso gertaera lazgarria da soilik elektoralismo hutseko eztabaidara mugatzeko. Arazoaren funtsa ez baita Eusko Jaurlaritzan dagoen alderdiaren kudeaketa politikoa; ez soilik hori, behintzat. Zaldibarko aferak gizarte kapitalistaren bizi, ekoizpen eta kontsumo ereduak kolokan jartzeko balio beharko liguke. Azaleko kritikek EAJri soilik leporatuko diote errua (guztiz zilegi dena). Ordea, benetako arazoa da Eusko Jaurlaritzan EH Bildu egonda ere halako ezbeharrak gertatzea oso posible litzatekeela. Zabortegiak eta lan prekarietatea egungo ekoizpen sistemari lotuta doaz. Elektoralismo hutsera muga dezakegu eztabaida, edota behingoz alternatiba benetan erradikalez hausnartzen has gaitezke. Gure ingurumenak eta jendeak behar dituenak.