Hegazkinetan dantza?

Erabiltzailearen aurpegia

Azken hilabeteotan etxean sartuta egon naiz, denok bezala, baina nire kasuan lanik gabe, ganorazko ezer egin gabe. Aldi berean, emozio eta sentimendu ugari bizi izan ditut. Arte eszenikoetan aritzen garenontzat bat-bateko stop-a izan da, derrigorrezkoa. 

Kreatibitateaz, publiko baten feedback-az edo oholtza gainean zerbait kontatu edo aldarrikatzeaz bizi garenontzat latza izan da hau guztia egun batetik bestera itzalita ikustea. Sormena gure eguneroko ogia da, gure bizitzeko modua, ez ogibidea bakarrik; gure eguneroko tresna hau ixteak ez du gure ekonomian bakarrik eragin, gure egoera emozionalean ere ondorio zuzena ekarri du. Askok etxean giltzapetuta gorputza mugitzeko eta izerditzeko benetako beharra sentitu dute, kirolariek zer esanik ez. Badira gizarte honetan sormenaz elikatzen direnak ere, eta horientzat benetako lana izan da kreatibitatearen ahalmena murriztuta aurrera segitzea. Dantzariok bi unibertsoak uztartzen ditugu, bai fisikoa, baita psikologikoa edo artistikoa ere. Agian orain ulertuko du azken asteotan zer gertatzen zaidan galdetu didan horrek…

Hori gutxi balitz, dantzariok kontaktuaz bizi gara: ukitzeaz, izerdia botatzeaz, hori partekatzeaz. Dantzariok espresioa erabiltzen dugu gure obretan, aurpegiko espresioa behar dugu hankak burua ukitzeaz gain. Hori guztia azaltzen dut BOEn argitaratu diren legeak arteaz eta dantzaz gutxi dakiela argi uzten duelako. Lehenik eta behin, dantzarion arteko distantzia fisikoa eskatzen da, eta hori bete ezean maskaren erabilera derrigortzen du. Arau hauek gure sortzeko eta espresatzeko moduak guztiz mugatzen dituzte eta gure artearen nortasuna erabat suntsitu. Antzokiko eserlekuen artean ere distantzia mantentzeaz gain, ikusleak maskarak jantzita egon behar dute obra osoan zehar. Bien bitartean, kaleko bizimoduari begiratuta, esango nuke normalitate berriak zaharrarekin antzekotasun asko dituela. Terrazak gainezka daude, garraio publikoak ere lepo, eta ez lanera joateko bakarrik: Balearretara hegazkinez joateko inongo edukiera murrizketarik ez dago.

Argi utzi nahi dut pandemia honetan osasuna izan behar dela guztion lehentasuna. Hala izan da, eta hala izaten jarraitu behar du. Baina gizarteak fase ezberdinekin aurrera egin duen bezala, eta ostalaritzari edo turismoari jarri zaion benetako atentzioa ikusita, kulturari ere horrelako arreta jartzea eskatuko nuke. Kulturak gure jokabide ereduak, sinesmenak, printzipioak eta bizitzeko moduak definitzen ditu. Artearen, maitasunaren eta pentsamendu ezberdinen batura da eta urteetan zehar gizakiok libreago izatea ahalbidetu du. Ez nuke nahi ditxosozko txerto hori lortu arte hau guztia baztertua izatea.