Snapchat omen da Ekain berria

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Urbieta 2017ko mar. 23a, 14:28

Ez dakit zuei, baina mugikorretan, beno eta mugikorrak ez diren dispositiboetan ere agertzen diren emotikono horiek ez didate grazia askorik egiten. Hasieran beraien xarma zutela iruditzen zitzaidan baina dagoeneko aspertu didate.

Elkarbanatzen ditugun mezuetan noizean behin emotikonoren bat jartzeak ez dit begiko minik eragiten baina pertsona batzuk pasa egiten dira! Batez ere, WhatsAppeko taldeetan. Familiako taldeak adibidez. Beti dago osaba-izebaren bat edota lehengusuren bat (batzuen kasuan aiton-amonak ere bai) graziosoa iruditzen zaien bideo, gif edo argazkiekin behin eta berriz bonbardeatzen ibiltzen direnak. Egia esan ez dakit zergatik egiten duten, modernoak direla adierazteko, teknologiarekin iaioak direla demostratzeko…

Kontua da orain dela egun batzuk The New York Times egunkari ospetsuan Snapchati buruzko artikulu interesgarri bat irakurri nuela. Aitortu behar dut ez dudala Snapchatik. Oker egongo naiz agian baina gazteentzako aplikazio bat iruditzen zait eta horregatik ez dut probatu ere egin. Artikuluaren arabera, aplikazio hau, batez ere argazki, irudi, bideo eta emotikonoetan oinarritzen da. Gainera mezu hauek entretenigarriagoak izateko hainbat iragazki edo filtro omen ditu. Testuak edo hitzak aldiz ez du aparteko erreferentzialtasunik.

Kazetariaren ondorioa honakoa izan zen: irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, eta egungo millenial delakoen ohiturek baieztapen hau gehiago indartzen dute. Hitzak, eta horrenbestez hizkuntza sortu arte, irudi eta marrazkien bidez komunikatzen zen gizakia. Horixe ikasi eta ikusi dugu kobazuloetan agertu diren irudietan.

Paradoxa dirudi. Inoiz baino modernoagoak gara eta inoiz baino konektatuagok gaude. Originalak gara eta sormen asko dugu. Ondorioz, nola komunikatzen gara? Irudien bitartez, orain dela milaka urte bezala. Kazetariak horixe zioen. Kobazuloetako gizakiak eta guk komunikatzeko molde antzekoak ditugu. Baina detaile txiki batek alde egin zion. Snapchateko mezuak gehienez 24 ordu pasa ondoren desagertu egiten dira. Zorionez kobazuloetako irudiak ikusteko aukera dugu oraindik.