Escape room-ak eta Zumaia

Erabiltzailearen aurpegia

Aste honetan escape room-en berri jakin dut. Agian batzuk galdetuko duzue ea non bizi naizen, aspaldi sortutako ideia bat dela, dagoeneko modaz pasatzen ari dela... Ba, beno, zer egingo zaio!

Kontua da escape room-ak zer diren begira hasi naizela sarean. Wikipediaren arabera, 2008an Japonian sortu zen joko bat da. Zein da honen helburua? Preso zauden gela batetik 60 minutu baino lehen ateratzea. Horretarako, gela bertan planteatzen diren enigmak, asmakizunak eta abar asmatzea da kontua. Abenturazko jolas fisiko-mental bat bezala saltzen dute, eta taldean jokatu beharrekoa da.

Ia 10 urte dituen jolas hau oso azkar zabaldu da mundu guztian zehar. Japonian jaio eta gero, Singapurren agertu ziren lehen eszenatokiak 2011ean, San Frantziskon 2012an, eta Silicon Valleyko programatzaile batzuek ere beraien propioa sortu zuten 2013an. Guztira, 2015erako, 2.800 escape room baino gehiago zeuden mundu guztian.

Noski, Gipuzkoara ere iritsi da moda hau. Donostian zehazki bi escape room daude. Zer da baina harritu nauena? Horietako batek Izurun izena duela. Badakit ez dela Itzurun, baina nahigabe ere lotu egiten duzu izena gure herriarekin, eta zehazki gure hondartzarekin. Ez dakidana da escape room honetan formulatzen dituzten enigmak, asmakizunak eta probak zerikusirik izango duten Zumaiarekin. Pentsatzen dut ezetz, Donostian oinarrituko dira. Baina beno, agian bertaratu eta gure gaitasunak proban jartzeaz aparte, Zumaiako toponimiaz zerbait galdetzen duten ezagutzeko parada interesgarria izan daiteke. Izan ere, aktibitate honen ardatz nagusia, jolasten ikastea da. Aisialdia eta kultura uztartzea.