(H)errituaren krisia

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Urbieta 2015ko urt. 29a, 20:19
Topaguneak antolaturiko XII. Topaldiaren edizioa izan da gaur Durangon. Aurtengo gaia Kultur Komunitate bizia, Euskal Herriko kultur arloko hainbat eragile elkartu dira bertan. Eguna teorizatzen hasi badugu ere, adibide praktikoak ezagutzen gozatu dugu batik bat.

Azpeitiko Kultur Mahaiaren lan ildoa eta funtzionaltasuna zeintzuk diren kontatu du Kepa Urbietak. Gernikako Astra kulturarako fabrika sozialaren berri eman dute Andrea Aiape eta Ariane Ensunzak. Arrasateko “Kooltur ostegunak” zer diren kontatu digu Iker Barandiaranek, eta beste hainbat adibide ere plazaratu dira.

Hauetaz gain, Baleike Kultur Elkarteko lehendakari den Xabier Azkuek ere bere lekua izan du eta Zumaiako herrian dauden kultur taldeen berri eman du. Adibide asko jarri ditu, eta elkarlanaren eta harremanen saretzea babestu ditu. Zumaiako musika taldeak, bertso eskola, Baleike aldizkariaren presentzia, kirol taldeak… Asko izan dira aipatu dituen eragileak.

Igor Elortza bertsolariak bere speech-ean (h)errituen krisiaz mintzatu da. Erritoa, ohituren eta tradizioen inguruan, eta herria, herritarrek bete behar dugun paperaren inguruan. Hizlari guztiak bat etorri dira pertsonok, herritarrok, kulturan dugun zereginaz eta betebeharraz. Sorkuntza, komunitatea eta transmisioa. Hiru kontzeptu nagusi etorkizuna definitzeko, euskal kulturaren etorkizuna ziurtatzeko.

Xabier Azkuek Pikoteren argazkia jarri du bere hitzaldian. Zumaia bezalako herri batean, olagarroa harrapatzeko erritoa adierazten duen irudi esanguratsua. Hainbeste tokitan ikusi dugun argazki ederra. Zumaian ere ba ote dago erritoen eta herritarren/herrigintzaren krisirik?