Musa

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Altzibar 2020ko eka. 25a, 08:35

Kulturako iritzi artikulu bat idazteko proposamena jaso nuen atal honetan argitaratzeko. Irakurle amorratua naizela aitortu eta azken liburuaz galdetzen didatenean bezala, sentitu nuen hobeto zela gaiez aldatzea estutasuna begietatik ateratzea baino. Gauzak horrela, eta nire gaitasun eta jakintza falta agerian uzteko gogorik ez dudanez, hobekien kontatzen –eta kontrolatzen– dudan gaiaz mintzatuko naiz; aurrekoan pentsatu nuenaz, alegia.

Ez naiz karta jokoen zaleegia izan sekula. Badira hamar Gabon txintxonean kateatu nintzela, eta ezer gutxi ikasi dut ordutik. Musak baina, badu erakartzen nauen zerbait. Arnas bero eta puru lainotik haratago, nekez azaldu dezakedan zerbait arnasten da zahar eta gazteen elkargune bihurtzen den mahaiaren bueltan.

Azken hamar urte hauetan ikasi dut pixkanaka jokoan, baina ikuslegoaren babesean esertzen nintzen aulkiak bere izaera aldatu du orain. Berrogeialdi honetan, etxeko gizonak musean aritu dira bazkalondorengo kafea bukatzean. Ardo botilaren irrikan, orduak eman dituzte gezur potoloenei barrezka, eta astakeriak esaten. Neuk ere gustura egingo nuke algara “hordago” susmagarri batekin, baina, antza, gizonezkoen ipurdia errazago jasotzen du aulkiak, eta ez da tokirik izaten guztiontzat. Ardo botila hutsa jaso, eta berria ekartzen duenaren joan-etorrietan galtzen naiz ni horrela. Bost orduz PortAventurara bidaiatu, eta altuera baimendua baino bi zentimetro txikiagoa den haurraren antzera.

Nolanahi ere, –gonbidapen zuzenik jasotzen ez dudan arren– jokatzen dut batzuetan, eta bigarren mailako txartelarekin lehen mailako bagoira sartu naizela sentitzen dut orduan. Jaio ez naizen herrian, nireak ez diren lurretan. Zaila izaten da horrelako senti         menduak azaleratzen, eta nekeza ulertarazten; horregatik ezin ditut etxeko gizonak zigortu joko desberdinez mintzo garen artean.

Ez dut aspaldian jokatu musean, eta apaldu zait dagoeneko arratsaldea kartetan emateko ilusioa; baina, hala ere, badakit amontzen naizenean nire aukia ez dela ostiral gauetako txapelketetan egongo, kafetegiko eguerdietan baizik; likore koparen ordez, kafe ebaki bat izango dudala esku zimurtuetan. Hain zuzen, bizitoki desberdinez ari garelako, joko eremuez, eta mugak lausotzen badira ere, partida berean dihardugulako.

Mugimenduan mantentzen naiz, erroak samurtu nahian, baina ez da erraza; nahi baino sarriago sentitzen naizelako atmosfera ezezagunetan, etxekotzat nituen giro arrotzetan. Hain zuzen, aukera berrien zirrarak lasaitzen nauen garai hauetan, oharkabean eta asmorik gabe itzultzen nauelako egunak nire tokira.