Bidea gara, bidean gaude

Beste urte batez, abendua iristearekin batera Preso eta Iheslarien dinamikak aurrera ateratzeko elkartu ginen, oraindik ere, ehundaka preso eta iheslari politiko beraien etxeetatik urrun eta giltzapean daudelako.

Aurtengo egoera berezi honetara egokitzeko, urteroko egitarauari aldaketa batzuk egin behar izan genizkion, baina hala ere, herriak erantzun du. Esaterako, 240 herri eta milaka pertsona elkartu ginen Urtarrilaren 9an preso, iheslari eta berauen senideei elkartasuna adierazteko.

Zumaian, Abenduak 31eko manifestazio jendetsuaz gain, argazki ederra atera genuen Urtarrilaren 9an, Itzurunen. Egun honi begira eta kontuan hartuta aurten Bilbora joan ezinik geratuko ginela, ekimenean 250 pertsona inguru elkartzea jarri genuen helburu. Gure aurreikuspen denak hautsi eta 300 pertsona inguru elkartu ginen aldarri berberen baitan:

- Euskal Presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin amaitzeko.

- Euskal Preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea.

- Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea.

- Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea.

- Motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea.

- Kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean.

35 urtebainogehiagoigarodiradispertsioetasalbuespenegoeraaplikatzenhasizirenetik, baina badira argi izpi txiki batzuk tunel ilun honetan, tantaz tanta presoak gerturatzen eta kalera irtetzen ari direlako, hala ere, bidea luzea da oraindik: 18 dira Euskal Herriko espetxeetan eta beste 7 etxean preso daudenak. Gainontzeko 192 presoak Espainiar eta Frantziar espetxeetan daude oraindik. Ia herena etxetik 600 eta 1100 kilometrora daude eta bostetik bat 400 eta 600 kilometro artean, bi estatu hauen mendeku politika ankerrak bizirik dirauen seinale.

Ondorioz, senide guztien artean urtero 11.750 bidaia egiten dituzte gutxi gora behera, 40 minutuko edo hilean behin familiako aurrez aurreko zein ordu eta erdiko bisita intimo bat izateko. Guzti honek 1.482.195€ -ko kostua dakar. Eta ezin aipatu gabe utzi dispertsioa hasi zenetik, 16 hildako izan direla gaur arte.

Arazoa egun batetik bestera ez delako konpontzen, milaka mobilizazio eta ekimen ezberdin jartzen dira martxan, hala nola: azken ostiraletako kontzentra eta manifak, Hatortxu Rock jaialdia, presoen aldeko zozketak, Deposito Bete Elkartasun, Motxiladun Umeak, Gazteok

Zuekin edo Izan Bidea bezalako dinamika ezberdinak.... guzti hau elkartasunak urte osoan zehar etenik ez duela erakusteko. Gainera, garai hauetan inoiz baino gehiago konprometitu beharrean gaude, guretzat egun hauek gogorrak diren bitartean presoentzat egoera hau egunerokotasuna izaten delako, lau hormen artean giltzapean.

Guzti honekin, herriaren mobilizazioa ezinbesteko dela azpimarratu nahi dugu. Egunerokotasunean presoen aldarriak kaleetan egon behar du, auzoz auzo, herriz herri ahalik eta jende gehiena kaleetan mobilizatuz aldarri berberaren inguruan, presoen eskubide eta askatasunaren alde. Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi gazteok daukagun garrantzia. Gu gara herri honen etorkizuna eta guri dagokigu, inposatutako errelatoaren gainetik, herri honen memoria bizirik mantentzea, presorik gabeko Euskal Herri bat eraiki arte.

Ez gara geldituko, lanean jarraituko dugu, herriaren bultzadaz baino ez direlako eman beharreko urratsak emango, finean, bidea gu garelako eta gurekin etxean nahi ditugulako.

BIDEA GARA, BIDEAN GAUDE! EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA! AMNISTIA OSOA!