Espainiako Itsas kayak Kopako bigarren proba Tarragonan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2023ko mai. 17a, 16:04

Itxas-Gainek lau piraguista eraman ditu Tarragonan jokatu den itsas kayakeko Espainiako Kopako probara, eta lau dominarekin bueltatu dira etxera.

Sevilla, Cadiz, Aviles, Pontevedra, Ourense eta asteburu honetan Kataluniako Tarragona hiriraino joan dira Itxas-Gain taldeko piraguistak. Denboraldia hasi besterik ez da egin eta dagoeneko milaka kilometro egin dituzte errepidean.

Oraingo honetan, Espainiako itsas kayakeko Espainiako Kopako bigarren proba jokatu da Tarragonako uretan, eta Itxas-Gainek  lau piraguista eraman ditu bertaraino. Lau dominarekin bueltatu dira etxera.

Larunbatean, hamabost kilometroko proban, Maite Etxabek emakumezko sailkapenean seigarren postuan iritsi zen eta beterano mailako lehena izanik, urrea lortu zuen.

Kategoria berdinean, beteranoetan, Oier eta Eñaut Aizpurua anaiek podiumeko bigarren eta hirugarren postuetara igo ziren, eta, amaitzeko, Haritz Aizpurua 23 urtez azpikoen kategoriako hamahirugarren postuan iritsi zen.

Igandean taldekako ontzien txanda izan zen. Zortzi kilometroko proban, Maite eta Eñautek SS2 ontzi mistoen lehian laugarren postuan iritsi ziren helmugara eta honekin batera beteranoen mailan nagusitasunez irabazi ere bai.

Senior mailan, eta distantzia berean, Oier eta Haritz Aizpuruak  6 postuan iritsi ziren.

Lerro hauen bidez  Itxas-Gain taldeak klubeko babesle eta erakunde guztiei eskerrak eman nahi dizkie ematen duten babesagatik, beraien laguntzarik gabe ezin izango baitzen astebururo aktibitate eta bidaia guzti hauei aurre egin.