Espainiako neguko txapelketa jokatuko dute Itxas-Gaineko piraguistek Sevillan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2022ko mar. 17a, 10:46

Sevillan jokatuko da datorren asteburuan Espainiako 52. neguko piraguismo txapelketa. Itxas-Gain taldeko piraguistentzako estatu mailako lehen proba izango da, eta bertan erakutsiko dute neguan zehar egindako entrenamenduetako emaitza. 

Horretarako, ostiralean eskolatik eta lanetik atera ondoren, furgoneta eta ontziak hartu eta 900 kilometroko bidaia dute aurretik klubeko zortzi neska-mutilek, denak ere senior, jubenil eta beterano mailetakoak.

Probak larunbat goizean hasiko dira. 70 parte hartzaile baino gehiago dauden kategorietan bi finalerdi jokatuko dira, eta finalerdi bakoitzeko lehen 30ak sailkatuko dira finalerako, eta ondorengo hamar denbora onenak. Finalerdiak 3.000 metroko distantzian jokatuko dira.

Senior mutiletan 123 parte hartzailek eman dute izena, jubenil mutiletan 170ek (hau da txapelketako probarik jendetsuena), eta jubenil nesketan 78k. Hauek guztiek sailkapen probak egin beharko dituzte. Finalerako txartela lortuz gero, igandean 5.000 metroko final handia izango dute aurrean.

Emakumezkoen senior kategorian 50 parte hartzailek eman dute izena, eta, beraz, hauek igandeko finalerako daude sailkatuak guztiak. Honenbestez, indar guztiak 5.000 metroko lasterketarako gordeko dituzte. 

Kasu bera gertatzen da beteranoekin. Bertan, Itxas-Gaineko hiru partaide aterako dira, eta hauek ere 5.000 metroko final bakarra jokatu beharko dute larunbat eguerdi-arratsaldean.

Klubeko beste kide guztiek etxetik jarraituko ditugu beraien lanak eta animorik handienak bidaltzen dizkiegu emaitza onena lor dezaten.

Igande eguerdian, senior mutilen azken finala jokatu ostean, berriz ontziak jaso furgonetan sartu eta etxerako bidaiari ekin beharko diote.

Hiru egunetan 1.800 kilometro egingo dituzte errepidean, eta nerbio eta tentsio handiko lasterketak jokatu ondoren, astelehenean berriz eskolara eta lanera itzuli beharko dira. Emaitza onak lortzea opa dizkiegu bidaia eramangarriagoa egiteko.

Bi aste barru ere Sevillara itzuli beharko dira Itxas-Gaineko kideak. Kasu honetan, kadete eta infantil mailakoek klubeko nagusienek irekitako bideari jarraituko diote beraien mailako Espainiako Txapelketa jokatzeko.