Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

Iñigo Peñaren finala elkarrekin ikusteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2021ko abu. 2a, 16:29

Dena ondo badoa eta sailkapena lortzen badute, Iñigo Peña eta Paco Cubelosek Tokion jokatuko duten finala elkarrekin ikusteko aukera izango da, ostegunean, goizeko 5:30etik aurrera, Beheko plazako egoitzako Kupela tabernan.

Ostegunean, abuztuaren 5ean, Iñigo Peñak Olinpiar Jokoetako finalaurrekoa eta finala jokatuko du Paco Cubelosekin, K2 1.000 metroko proban. Aurrez, kanporaketa gainditu beharko dute bezperan baina, ezusteko handirik ez bada, bikoteak ostegunean lehiatzeko aukera asko dauzka eta, zergatik ez, domina olinpiko bat lortzeko ere bai.

Itxas Gain elkarteak, Zumaiako Udalaren babesarekin eta Agustin Larrañaga Narru-ren laguntzarekin, osteguneko finala jarraitzeko pantaila bat jarriko du Agustinek kudeatzen duen Kupela tabernan (Beheko plazako egoitzan). Goizeko 5:30ean irekiko dira ateak, A eta B finalak 5:45 eta 6:00ak artean izango baitira. Bitartean, bertan gosaltzeko aukera izango da.

Ordutegi zaila da eta aforoa mugatuta egongo da, COVIDari aurre egiteko jarraitu beharreko protokoloak direla eta. Hala ere, Itxas Gainek dei egin nahi diete proba zuzenean ikusi eta Iñigo eta Paco distantziatik baina elkarrekin animatzeko gogoa dutenei.

Aukera aprobetxatu nahi dugu zorterik onena opatzeko. Bihotz bihotzez espero dugu herrira domina olinpiko batekin bueltatuko dela urtetik urtera hain kirolari bikainak ematen dituen herrira.