Lanzaroten jokatuko den Munduko Surfski Txapelketan izango dira Itxas Gaineko bost kide

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2021ko uzt. 1a, 10:30

Lanzaroten (Kanariar Uharteak) jokatuko den Munduko Surfski Txapelketan parte hartuko dute asteburu honetan Itxas Gain taldeko bost kidek.

Joan den asteburuan klubeko gaztetxoenek Lugon izan baldin zuten beraien froga, eta asteburu honetan Itxas Gain taldeko bost kidek bidaia luzeago bati ekingo diote. Hain zuzen ere, Lanzaroten (Kanariar Uharteak) jokatuko den Munduko Surfski Txapelketan parte hartuko dute.

Uztailaren  1etik 7ra izango da, eta beraien progak 4, 5, 6 egunetan izan daitezke,  azken ordura arte ez baita zehazten eguna eta ordua haize eta olatu baldintza onenak bilatzen direlako eta eguraldi parteen arabera antolatzaileek momenturik egokiena aukeratzen dutelako.

Egin beharreko ibilbidea 28 kilometrotakoa izango da: irlaren iparraldetik abiatu, Arrieta herritik, eta helmuga Arrecifen izango dute.

Joan den urtean Portugalen zen jokatzekoa txapelketa hau, baina COVID-19a tarteko, bertan behera geratu zen. Aurtengoan, zailtasunak zailtasun, aurrera atera dute. 26 herrialdetako 300 partaide elkartuko dira bertan. 

Itxas Gaineko bost kideek bertan izateko PCR froga negatiboak aurkeztu dituzte eta bertan ere frogak egingo dizkiete parte hartu ahal izateko.

Javi Lizancos, Jose Mari Villagarcia, Maite Etxabe eta Oier eta Eñaut Aizpurua anaiak izango dira oraingo honetan Itxas Gain taldea ordezkatuko duten bost piraguistak.

Ez da hemen geratzen klubeko jarduna,  Munduko Txapelketaren ondoren datorren astean Errusiako hiriburuan  Irati Osak Europako Maratoi Txapelketan parte hartuko du, eta ez dezagun ahaztu hilabete barru Tokio hirian joan den urtean egin behar ziren Olinpiar Jokoak egingo direla eta bertan  bigarren aldiz Iñigo Peñak parte hartuko duela. Zumaiako historian lehen aldiz domina bat lortzea du helburu.  

Espero dezagun Lugon beraien kirol ibilbidea hasi zuten gaztetxo horiek egunen batean  klubeko nagusienen bidea jarraituz horrelako frogetan ikustea;  horretarako Itxas Gainek etengabe jarraituko du eguneroko lanean.

Animorik handiena guztientzat erronka garrantzitsu hauetan.