Ekainaren 12an Kantabria aldera, surfski txapelketan parte hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2021ko eka. 11a, 11:00

Itxas Gaineko piraguistak Kantabria aldera doaz Series Cantabricas izeneko surfski txapelketan parte hartzera.

Joan den asteburuan Talavera de la Reinako maratoian parte hartu eta emaitza bikainekin etxera bueltatu ondoren, Itxas-Gaineko piraguisten jardunak ez du etenik. Asteburu honetan ere elkarteko bederatzi kidek hartuko dute furgoneta; Santanderrera abiatuko dira larunbatean, Kantabriako txapelketan eta Series Cantabricas izeneko surfski txapelketan parte hartzeko.

12 kilometroko erronka bati egin beharko diote aurre, Langreko hondartzatik hasi eta Santanderreko badiara arte.

Parte-hartze handia eta maila handikoa espero da. 150 parte hartzailek eman ahal zuten izena gehienez eta bete egin da kopuru hori; kantabriarrez gain, Galiziako, Asturiaseko, Euskal Herriko eta Alacanteko piraguistak izango dira. Hiru aste barru Kanariar Irletako Lanzaroten jokatuko den Munduko Surfski Txapelketarako azkeneko test garrantzitsua izango da haientzat guztientzat.

Ezustekorik ez bada, han ere Itxas-Gain taldeko ordezkaritza egotea espero da, eta prestaketa bide onetik doala ziurtatzeko froga egokia izango da larunbatekoa.

Argazkia: Soraya Lopez