Urrezko sei domina eta brontzezko bat eskuratu ditu Itxas Gainek Euskadiko Maratoi Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2021ko mai. 3a, 09:40

Joan den larunbatean Langara Ganboan jokatutako Euskadiko Maratoi Txapelketan parte hartu zuen Itxas Gainek, eta  urrezko sei domina ekarri ditu Zumaiako piraguismo klubak.

Irati Osak emakumezko seniorretan irabazi zuen, amaierara bakarrik iritsiz. Xabier Osa eta Unai Azkune ere garaile izan ziren, gizonezko K2 seniorretan. Irati, Xabier eta Unai Euskadiko selekzioarekin udan egingo den K4 probara sailkatu dira emaitza horiekin.

Nagusi izan ziren, bestalde, Jon Lazkano beteranoen mailan eta Peio Gonzalez eta Jon Ander Lazkano juniorren mailako K2an. Gizonezko seniorretan, berriz, Martin Egaña hirugarren izan da esprintean amaitutako estropadan.

Oihan Urbieta laugarren izan zen jubenil K1ean, eta Kaiet de Antak eta Unai Segurolak ere emaitza bera lortu zuten kadete mailako K2an.

Hurrengo astean Xabierrek, Iratik eta Martinek Espainiako Txapelketa jokatuko dute Pontevedran (Galizia). Europako Txapelketara joateko txartelak egongo dira jokoan han. 

Espainiako Itsas-kayak Kopan, emaitza bikainak

Bestalde, asteburuan Itxas Gain taldeko bost kide Villajoyosan (Alakant) jokatu den Espainiako Itsas-kayak Kopan izan dira. Emaitza bikainak eskuratu dituzte han. Piragua modalitate horretan mediterraneo aldeko klubek, balear eta kanariar irletakoekin batera, nagusi direla erakutsi dute. Aipatzekoa Euskal Herritik joandako lau taldek sekulako emaitzak lortu dituztela, gorantz doan modalitate horretan. 

Larunbatean SS1 mailako estropada jokatu zen, Campello eta Villajoyosa artean. 17 kilometroko estropada zen, eta lehenbiziko 5 kilometroak itsaso barearekin eta ia haizerik gabe jokatu zituzten. Gero, iragarpenak aurreikusten zuen bezala, haizea altxa zen eta haize-olatu ederrez gozatu ahal izan zuten.

Aipatzekoa da baldintza tekniko horietan aritzera ez daudela ohituta, gure kostaldean gutxitan izaten direlako baldintza horiek.

Larunbateko emaitzak ondorengo hauek izan ziren: 

  • Joxe Mari Villagarciak beteranoen maila orokorreko garaipen nagusia lortu zuen, primerako denbora markatuz.
  •  Oier Aizpuruak, gizonezko beteranoen -45 mailan ere garaipena lortu zuen.
  • Javier Lizancosek, gizonezko beteranoen +55 mailan bigarren izan zen.
  • Maite Etxabek, emakumezko beteranoen -45 mailako garaipena bereganatu zuen.
  • Eñaut Aizpuruak, beteranoen +45 mailan laugarren egin zuen.

Igandean, berriz, SS2 modalitateko estropadak jokatu ziren, eta hemen ere Euskal Herritik bertaratutako kideek emaitza bikainak lortu zituzten. 

  • Oier Aizpuruak eta Jose Mari Villagarciak gizonezko beteranoen -45 mailan garaipena lortu zuten, estropada orokorreko zazpigarren postu txalogarri bat eskuratuz.
  • Eñaut Aizpuruak eta Javier Lizancosek gizonezko beteranoen +45 mailan ere garaipena lortu zuten.