Urola ibaiaren 43. igoera-jaitsiera jokatuko da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2019ko uzt. 12a, 11:57

Urola ibaiaren 43. igoera-jaitsiera jokatuko da igande eguerdian Zumaian. Piraguistak eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Santiago hondartzatik. Itxas-Gaineko kirolariez gain, Gipuzkoako eta beste probintzietako klubetako ordezkariak izango dira igandean Zumaian.

Ohikoa den bezala, piraguistak lehorretik abiatuko dira, Santiago hondartzatik. Ontzietara igo, eskoilerari buelta eman, eta ibaian gora egingo dute Bedua pareraino. Han buelta eman, eta Zumaiara itzuliko dira. Helmuga Arranpla parean kokatuko da. Guztira, 8 kilometro egingo dituzte piraguistek.

Maila bakoitzean lehen postuetan helduko direnek jasoko dituzte sariak, baina izango dira, ohikoa denez, beste sari batzuk. Hala, Arranpla parean jarriko duten helmuga ibiltaritik (igoerako orduan) pasatzen diren lehen K1ek eta K2ek, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, urdaiazpiko bana jasoko dute. 

Aurten karpa bat ere jarriko du Itxas-Gainek Gernika parkearen amaieran, Itsas kiroldegiaren parean. Pintxoak eta edariak izango dituzte salgai bertan. 

Larunbatean, Irunen

Bezperan, larunbatean, Irunen izango dira Itxas-Gaineko kirolariak Euskadiko ibaietako XXI. Kopako seigarren lehiaketan parte hartzen. 16:00etatik aurrera jokatuko dira estropadak, seniorretan, beteranoetan, 23 urtez azpikoetan eta jubeniletan. 16:30etik aurrera kadeteen txanda izango da.