Munduko txapelketa jokatuko du asteburuan Iñigo Peñak

Erabiltzailearen aurpegia kudeatzailea 2019ko abu. 14a, 18:31

Urteko astebururik garrantzitsuena izango da datorren hau Itxas-Gain taldeko piraguistentzat.

Alde batetik, Iñigo Peñak Hungariako Szeged hirian jokatuko du Munduko Txapelketa. Tokioko Joku Olinpikoetara sailkatzeko txartelak ere bertan banatuko dira.

Azken denboraldian bezala bere proba k-2 1000 izango da. Talaverako Paco Cubelosekin batera ariko da, eta beraien helburua, Tokiora sailkatzeaz gain, domina bat lortzea ere izango da.

Horretarako, ostiral goizean kanporaketak izango dituzte, finalerdiak larunbatean eta igandean final handia. Nahi duenak Iñigoren lana telebistaz jarraitu ahal izango du Eurosport eta Teledeporte telebista kateen bidez.

Bestalde, Pontevedrako hirian, Lerez ibaian, Espainiako Maratoi Txapelketa jokatuko da. Bertara Itxas-Gain taldeko 18 piraguista joango dira ostiralean abiatuta, bi furgonetatan, helburu desberdinekin.

Irati Osa k1ean dagoeneko Txinako Munduko Txapelketarako sailkaturik dago, eta oraingoan k2ko txartela lortzen saiatuko da. Helburu berdina dute 23 urtez azpikoen mailan, k1ean, Martin Egañak eta Unai Azkunek. Txartel bakarra dago jokoan eta, nahiz eta zaila egongo den, gogor saiatuko dira saria lortzen eta Iratirekin batera Txinako Munduko Txapelketarako sailkatu.

Momentu hauetan Itxas-Gain Espainiako Ligako sailkapen orokorreko 5. postuan dago eta guztien artean lortzen dituzten puntuekin postu bikain hori mantentzea da txapelketako beste helburu nagusia.