Luisa Carnésen 'Hamahiru ipuin'

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2022ko abe. 12a, 13:23

Luisa Carnés (Madril, 1905-Mexiko Hiria, 1964) eleberrigile eta kazetari espainiarraren Hamaihiru ipuin lana izango dugu mintzagai abenduaren 13an, asteartez. Danele Sarriugartek itzuli du maistraki euskarara, eta gurekin izango da liburuari buruz eta itzlpengintzaz hitz egiteko.

Carnés, 27ko belaunaldikoa, ikusezin bilakatu zuten, eta orain ari gara haren lanak irakurtzen. Langile-familia bateko alaba; Las Letras auzoan jaio zen, Madrilen. Hamaika urterekin kapela-lantegi batean hasi zen lanean, eta 1928an, berriz, bere lehen lana plazaratu zuen, Peregrinos de Calvario, narrazio laburren bilduma bat. Te-areto batean lan egin zuen gero, eta han bizitakoei tiraka idatzi zuen Tea Rooms. Mujeres obreras (1934) nobela. Carnés autodidakta zen, eta irakurleen eta kritikaren babesa jaso zuen lehen eleberriari esker. Haren ibilbidea, beste askorena bezala, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrak eten zuen. Errepublikarrek porrot egin eta gero, Mexikora erbesteratu zen; han hil zen, gazterik.

Bikote gazte baten laztanei begira lotsagorritu da moja; ugazabari planto egin dio jornalari-taldeak; emakumezko errepublikarrak preso daude gerraosteko espetxeetan, eta segregazioaren garaiko Estatu Batuetan, arrazarteko senar-emazte batzuk bizi dira. Horra hor Luisa Carnés-en, 27ko belaunaldiko narratzaile handi ahaztuaren narrazioetako batzuen gaiak, bilduma honetan lehen aldiz aurkezten ditugunak euskaraz. Ipuinak gogorrak bezain hunkigarriak dira eta emakumeak istorioaren erdigunean daude beti: emakume indartsu eta seguruak, otzanak eta lotsatiak, besteren haurra berentzat hartzeko gai diren ama ausartak, biktima isilak edo duin bezain menderaezinak.

Kritikak.