Ekainean, 'Infinitua ihi batean'

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2022ko mai. 12a, 11:00

Irene Vallejoren liburu ezaguna itzuli du Fernando Rey Escalerak, eta Zumaian izango da ekainaren 21ean, gurekin Infinitua ihi batean saiakeraz hitz egiteko.Hitzordua arratsaldeko 18:00etan izango da Alondegiko Moila gelan, eta ateak zabalik daude gerturatu nahi duen guztiarentzat. Azpian duzue liburuari buruzko informazio gehiago:

Liburuen historiari buruzko liburua da hau. Hitzek espazioan eta denboran zehar bidaiatu zezaten asmatu genuen tresna liluragarriaren bizitzan barnako ibilbidea. Haien fabrikazioaren historia, ia hogeita hamar mendean egin diren proba eta diseinu guztiena. Mota askotako liburuak sortu baitira: kez, harriz, buztinez, ihi edo lezkaz, zetaz, larruz, zuhaitzez eginak, eta azkenak, plastikoz eta argiz eginak. Gainera, bidaia-liburua ere bada. Alexandroren gudu-zelaietara joateko, Vesuvioren mendi mazelako Papiroen Villara joateko, edo Kleopatraren jauregietara edo Hipatiaren hilketaren gertalekura, ezagututako lehen- biziko liburutegietara eta eskuizkribuak kopiatzeko lantegietara, kodex debekatuak suntsitu zituzten suetara, gulagera, Sarajevoko liburutegira eta Oxfordeko lur azpiko 2000. urteko labirintora.

Liburu honek, bestalde, klasikoak mundu garaikidearekin lotzen ditu, baita gaur egungo eztabaidagaiekin ere: Aristofanes eta umoristen kontrako epaiketak, Safo eta emakumeen literatur ahotsa, Tito Livio eta fanen fenomenoa, Seneka eta egia ondokoa… Baina, oroz gain, denboran zehar liburuak sortu eta babestu dituzten milaka gizon-emakumeren abentura kolektibo xarmagarria da: istorio eta ipuinen kontalariak, eskribak, irudigileak, itzultzaileak, saltzaile ibiltariak, maisu-maistrak, jakintsuak, espioiak, errebeldeak, mojak, esklaboak, abenturazaleak… Irakurleak, mendialdekoak zein orroka ari den itsasoaren ondokoak, energiaren bilgune diren hiriburuetakoak zein kaos garaietan babesleku diren bazter-parajeetakoak. Jende xehea, xumea, historiak erregistratu ez dituen hainbeste gizon-emakume. Liburuen salbatzaileak, horiek baitira saiakera honen egiazko protagonistak.

-Kritikak.
-Itzultzailearen eta egilearen arteko solasaldia.
-Fernando Reyri elkarrizketa arratsean.
-Liburuaren aurkezpen-eguneko bideoa.
-Ernesto Castro filosofoaren kritika.