Martxoan, 'Landa aldeko neskak'

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2022ko ots. 11a, 09:17

Martxoko saioan Edna O'Brien idazle ezagunaren Landa aldeko neskak eleberri itzuli berria izango dugu mintzagai. Gema Lopez las Herasek ekarri du euskarara eta Erein argitaletxeak publikatu Literatura Unibertsala bilduman. 

Amaia Lekunberrik hala kontatzen du Argian idazleaz eginiko erreportajean: 

"Egun inor gutxi eskandalizatuko luke hizpide dugun eleberriak. Alabaina, argitaratua izan zen garaian hautsak harrotu zituen, eta hitzaurrean azaltzen denez garesti ordaindu arazi zioten “neskatila irlandarren opresio katoliko eta familiarra azaleratzea”. Irlanda osoan debekatu egin zuten eleberria, Irlandaren etsai gisa seinalatua izan zen, emakumeak bide okerretik eraman nahi izatea leporatu zioten… Bere liburua sutan erre zuenik ere egon zen: herriko parrokoak liburuaren zenbait ale hartu eta errauts bihurtu zituen plazan"

Gehiago jakin nahi baduzue, martxoaren 15ean, 18:00etan Alondegiko Moila gelan.

Nobela honek XX. mendearen erdialdeko landa-giroan jaiotako bi neskatilaren abenturak kontatzen ditu, haietako baten ahotik eta ikuspegitik, modu xume eta errealista batean. Caithleen eta Baba dira protagonistak, umetako lagun bi, ezin diferenteagoak biak. Caithleen baserrian bizi da, etxeko diru-sarrera apurrak jokoan eta edanean xahutzen dituen aita alkoholikoarekin, eta etxea ahal duen moduan gobernatzen ahalegintzen den ama nahigabetuarekin. Baba, bestalde, herriko albaitariaren alaba da, neskato harroputz eta berekoia, etengabe Caithleen mespretxatzen dabilena. Batzuetan etsai, besteetan lagun min, biek ala biek desio bat dute: sorterritik hanka egitea, gizarteak ezarria dien patuari uko egin eta beraiek erabakitako moduan bizitzeko.

Caithleenen eta Babaren bidez, O'Brienek bozgorailua jartzen die urteetan isilaraziak izan ziren irlandar emakumeei, eta haien bitartez esperimenta dezakegu sasoi hartako bizilege klaustrofobikoa. Badirudi protagonistak jakitun direla gizarteak inposatu dizkien rolak ez direla eraikuntza bat besterik, eraikuntza bat Estatuarena, non Elizaren eta patriarkatuaren arau zurrunek tankeratzen, mugatzen eta erreprimitzen baitute emakumezkoen identitatea. O'Brienek, bere lehen nobela honekin, feminitatearen kontzeptua, amodio erromantikoaren mitoa eta gizarteak ezarritako rolak deseraikitzen ditu.

Besterik:

  • Argitalpenaren albistean Berrian
  • Amaia Lekunberriren erreportajea Argian