Etxean jokatzen nuen

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Manzisidor Salsamendi 2021ko urr. 27a, 07:03

Bertakoak garenok abantaila txiki bat badugu kanpotik datozenen aurrean: Zumaia ezagutzen dugu, gure lekutxoa da. Futbolariek dioten bezala, “etxean jokatzen dugu”. Badakigu nola iritsi Itzurunera edo Algorrira bidean galdu gabe; non aparkatu TAOrik ordaindu gabe; zein taberna dagoen itxita asteazkenetan; zer ordutan dagoen marea goian eta zer ordutan dagoen behean. Erraz jakin dezakegu noiz aterako duten ibaira itsasontzia astilleroetakoek, eta non lortu Chill Mafia entzuteko kontzerturako sarrerak. Eta horrek ematen du halako harrotasun puntu bat.

Inguruko errepideetan bizikletan ibiltzen garen bertako txirrindulariok ere badugu abantaila bat. Hasteko, ezagutzen ditugu bideak, zer egoeretan dauden. Zenbaitek buruz jakingo du non dauden zuloak eta non errepidea altxatzen duten sustraiak. Noiz datozen bihurgune itxiak. Edo gure bizikleta arinekin igo behar dugun aldapa motza eta pikoa den, ala luzeagoa eta etzana. “Etxean jokatzen dugu”. Zeharkako begiratu batean asmatuko dugu zer txirrindulari talde den KM 0koa eta zer talde datorren Donostia aldetik, 40 edo 50eko pelotoiak osatuz, Frantziako Tourreko etapan baleude bezala.

Aspalditik ohartuta nago bertako auto gidariak ere ohituago daudela txirrindulari artean gidatzen, eta ez direla besteak bezain urduri jartzen bi maillot koloretsu eta garesti ikusi orduko.

Orain bi aste inguru, errepidera irten nintzen kilometro batzuk egitera. Ez garai batean bezala 120 edo 200 kilometro; orain gutxiago eginda ere gustura geratzen naiz. Ez dut auto gidariak amorrarazteko asmorik izaten eta askotan nahiago dut tropel handietan ibili ordez bakarrik joan eta ahal bada mendi aldeko errepide estuak hartu, auto eta semaforo gutxiago dauden bideetara. Haietan gustura ibiltzen naiz, presarik gabe. Banindoan ia buruz ezagutzen ditudan bihurgune itxi, zulo eta sustrai artean aldapa gora bizikletan, eta igoera erdian-edo mila trumoien hotsa ateraz 400, 500 edo 600 zaldi izango zituen Ferrari , Lamborghini edo Porsche bat sumatu nuen atzean. Ez dakit nora joateko, baina presa izango zuen, nonbait, eta askotan saiatu zen ni aurreratzen. Ezin, ordea. Beti ikusten zuen gidariak bihurgune estu, zulo edo adarren bat errepidean. Ia kilometro oso bat egin zuen nire atzetik Ferrari, Lamborghini edo Porsche hark. 200 edo 300 km/h egin ditzakeen makina 10 km/h-an. Saiatu nintzen azkarrago joaten, baina ez naiz igotzaile onegia. Behin aukera ikusi zuenean, mila trumoiren hotsa atereaz aurreratu ninduen, ez dakit nora joateko. Uste dut kilometro hura luze egin zitzaiola gidari hari. Niri baino luzeago ziur. Ez dut esango harro nagoenik gidari hari azkarrago joaten ez uzteaz, baina nik “etxean jokatzen nuen”.