Ardura

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2023ko urt. 5a, 06:01

Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevoren adierazpenak eta, batez ere, haiek eragindako erreakzio sorta euskal gatazkaren ondorioen testuinguruan egindako bidearen eta egiteko geratzen denaren adibide dira. Hala, Foro Sozial Iraunkorrak azaldu zuen erreakzio politiko eta soziala biktimek jasandako birbiktimizazioaren mailan egon zela, baina, era berean, baita hura salbuespen bat izan zela ere. 

Egindako bidean zein aurrera begirakoan badute espazio berezitu bat komunikabideek, iritzi publikoa eraikitzeko garaian duten eragin nabarmenagatik. Urrunago joan gabe, prozesu horri eragiten dioten hautuak dira Barrionuevo elkarrizketatzeko eta GALen ekintzak gogoratzeko modu hori. Eta horiek zerikusi gutxi dute biktimen aitortzarekin eta, ondorioz, bake kazetaritza deritzonarekin.

Izan ere, existitzen da bake kazetaritza bat, gerra kazetaritza hegemonikoaren aurrean. Gatazkaren eraldaketara orientatutako kazetaritza litzateke, arazo estruktural eta kulturalei ere erreparatuko diena. Eta, noski, baita biktimen ahotsei leku bat eskaintzen diena ere, haien birbiktimizazioa sustatu gabe; aitortza, justizia eta erreparazioa lortzea xede dituena. Finean, kazetaritza arduratsu bat.