Distopia

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2022ko ots. 14a, 06:01

Etorkizuneko gizartearen nondik norakoak imajinatzeko lanetan jarri nau Layla Martinezen Utopía no es una isla (Utopia ez da uharte bat) lanak. Ez naiz bereziki zientzia fikziozko lanen jarraitzailea, baina onartu beharra dut pelikulek eta telesailek markatu dutela burura etorri zaidan mundua. Pare bat botoi sakatu eta ontzi batek jasoko eta eramango zaitu behar duzun lekura. Bien bitartean, aprobetxatu bidaia dei bat egiteko holograma bidez.

Baina, aurrerapen teknologiko eta informatikoetatik haratago, zer nolako gizartea irudika dezakegu? Egungo kultur eskaintzaren gehiengoak aurkeztutakoari jaramon egiten badiogu, nekez izango da atsegina. Purga batetik ihes egiteko lapurtu beharko duzu ontzia, eta deirik ere ezin egin. Garestiegia da telefonoa kargatzea. Hori, ─ez begiratu gora─ ez bada lehenago meteorito bat jausten. Bi kasuetan, zuk, eliteen parte ez zaren horrek, zail izango duzu ihes egitea.

Distopia horiek badira egungo gizartearen isla, eta, batzuetan, badira kritika. Martinezen esanetan, ordea, gero eta etorkizun okerragoak imajinatzeak utopietan pentsatzeko gaitasuna ere lapurtu digu. Eta horrekin batera, gogoa itzali etorkizun hobe baten bila oraina aldatzeko.