Egia ostea

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2019ko abe. 26a, 11:32

“Norberaren emozioek edo usteek gertakari objektiboek baino pisu handiagoa duten egoera” definitzeko kontzeptu gisa aurkezten du hiztegiak egia ostea. Matthew D’Ancona kazetari ingelesak, Post Truth. The New War on Truth and How to Fight Back liburuan, 2016an kokatzen du kontzeptuak bizitza politikoaren erdigunera eginiko saltoaren hasiera. Donald Trumpen eta Erresuma Batuko brexitaren aldeko kanpainetan, hain zuzen. Beste hitz batzuekin azalduta, populismoaren gorakadarekin, sentimenduek arrazonamenduari diskurtsoaren zentralitatea kentzean.

Gurera ekarrita, eskuin muturreko Vox alderdiarekin lotzen da kontzeptu hau –gurera diot, Zumaian 56 boto eskuratu zituztelako azken hauteskundeetan–. Immigrazioa eta indarkeria matxista –eurek ez lukete termino hori erabiliko– lotzen dituzte ahal duten guztietan. Datu faltsuak erabili izan dituzte horretarako, nahita. Badakite aldez aurretik lotura hori egin dutenek ez dutela zalantzan jarriko esanikoa, astakeria hutsa izan arren, gizartearen gehiengoak aurkakoa esan arren. Izan ere, urte luzetan immigrazioa gaizkiarekin lotu izanaren fruituak jasotzen ari da alderdia. Xenofobia ikur, gorantz doa. Eta krisi ekonomikoa omen dator hura hauspotzeko.