Zer pentsatu

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2019ko uzt. 31a, 09:04

“Hedabideek ez dute arrakasta gehiegi jendeari zer pentsatu behar duen adierazteko garaian, bai, ordea, eta asko, euren entzuleriari zertaz pentsatu behar duen esateko orduan”. Hala adierazi zuen Bernard Cohen historialariak, The press and foreign policy liburuan, hedabideek gizartearen iritzi publikoan duten eragina aztertzeko garaian.

Halere, gaia finkatzetik haratago, agerikoa da komunikabideek iritzi ildoak finkatzeko duten boterea; gobernuak kolokan jartzeko edo gizarte mobilizazioak kriminalizatzeko. Hartzaileok, askotan, iragazkirik gabe jasotzen dugu informazio hori guztia, egia osoa bertan egongo bailitzan; aukeratutako argudio eta hitz bakoitzaren atzean zer egon daitekeen pentsatu gabe. Estatu kolpe ala askatasunaren aldeko protesta? Legearen aplikazio ala onura? Bakoitzaren erabilera ez da ausazko kontua, baina begi eta belarrietatik sartu eta askotan halaxe geratzen dira gure barnean. Horren aurrean, irakurle/entzule/ikusle orok kritiko izateko betebeharra du.

Halako zerbait adierazi zuen afroamerikarren eskubideen aldeko ekintzaile Malcolm X-k: “Adi ez bazabiltza, komunikabideek zapalduak gorrotarazi eta zapaltzaileak maitaraziko dizkizute”. Ez du gaurkotasunik galdu.